Saizar Sagardotegiak aurpegi ezagunekin abiatuko du gaur txotx garaia

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 12a, 03:40

Txotx denboraldi berriari ekiten doaz pixkanaka inguruko sagardotegietan. Saizarren txanda izango da gaur. Aurpegi ezagun ugariren bueltan abiatuko du sagardo berria dastatzeko garaia, ostegun iluntze honetan 20:00etan. Batetik Julen Lopetegi futbol entrenatzailea gonbidatu dute. Berea izango da, "Hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" esanez sagardo berria dastatzeko ohorea izango duen lehen laguna. Ekitaldi berean, Kepa Junkerak Saizarko sagardoari, danborradari eta Usurbilgo herriari eskainitako "Sagarraren Danborrada" abestia aurkeztuko da. Junkerak berak eta Sorginak taldeak "Maletak" izeneko ikuskizuna eskainiko dute, Andoni Egaña bertsolariaren laguntzaz. Julian Iantzik aurkeztuko du ekitaldia.

"Ekitaldi honen helburua ez da bakarrik Usurbilgo sagardo berria dastatzeko aukera izatea. Baita ere, kirola, kultura eta gastronomiaren fusio bat lortu nahi dugu, festa alai eta giro on batean murgildurik sagardoaren usainpean. Ikuskizun eder eta alaia sagardoaren inguruan lagun arteko giroaz gozatzeko", aurreratu dute antolatzaileek.

Txotx denboraldi berria

Urtarrilak 12, osteguna

20:00 Txotx irekiera Saizar sagardotegian.

Urtarrilak 14, larunbata

Urdaira eta Aialde-Berri sagardotegien irekiera.

Zabalik: Aginaga, Araeta, Arratzain eta Iruin sagardotegiak.

Erreserbak egiteko informazio gehiago: 2017ko txotx denboraldia