"Usurbil 0.0" egitasmoa babestu du Zero Zabor I.B.E.-k

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 12a, 14:33

NOAUA!ra helarazi duten gutunaren bidez, Usurbilgo Udalak abenduaren 22an jendaurrean aurkeztu zuen "Usurbil 0.0" hondakinen kudeaketa eredu integral baterantz bidea jorratzen lagunduko duen egitasmoa babestu du Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak. "Urrats berri honekin, prebentzioaren eta errefusaren tratamendu jasangarrirantz joateko haziak ereingo dira", diote. Erraustegiari aurre egiteko modu onena, Zero Zabor bidean sakontzea dela gogorarazten dute:

Usurbil 0.0. Itxaropenari bidea irekitzen

Abenduan, Usurbilgo udalak Zero Zabor norabidean urrats berriak egitea erabaki duela jakinarazi du. Duela 8 urte, hondakinen kudeaketa jasangarri baterako bidean mugarri bat jarri zuen Usurbilek. Orduko hartan, gaikako bilketan eragitea zen xede nagusia. Ia hondakin guztiak nahasi eta zabor bihurtzetik, material gehienak gaika berreskuratu eta baliabide bilakatzea posible zela erakustera igaro zen Usurbil; atez atekoarekin Euskal Herriko lehen bilketa eraginkorra abian jarriz. Orduan belar txiki ñimiño bat besterik ez zirudiena, zuhaitz eder batean bilakatzen ari da begien bistara. Urterik urte, gaikako bilketak gora egin du nabarmen geroz eta herri gehiagotan, eta, hurrengo urteetan ere, hedapen horrek segituko duela aurreikus daiteke.

Hondakinen kudeaketa ez da bilketara mugatzen. Materialen ekonomiaren ziklo osoa barne biltzen du eta fase guztietan eragin beharra dago: Diseinua, ekoizpena, banaketa, kontsumoa, bilketa, tratamendua… Udalaren eskumenei eta gaitasun ekonomikoari dagokionez, bilketa da gehien eragin daitekeen fasea, baina prebentzioan, eta, batez ere, tratamenduan, zeregin handia dauka. Usurbil 0.0 egitasmoarekin haiei begira jarri, eta, hor ere, Zero Zabor bidean urrats eredugarriak egiteko erronka jarri dio Usurbilek bere buruari.

Gauza jakina da erraustegia etxe ondoan edukitzeak eragiten duen kezka. Zenbaitentzat ezinbestean onartu beharreko kaltea da; gehienontzat ekidin daitekeen akatsa. Une honetan, kezkatzen gaituen mamutzar horri aurre egiteko erarik onena, duela 8 urte bezala, Zero Zabor bidean sakontzea da, gauzak modu jasangarri eta osasungarriago batean egin daitezkeela erakutsiz bidea irekitzea.

Usurbil, Euskal Herrian zein nazioartean, erreferente bihurtu da gaikako bilketan. Urrats berri honekin, prebentzioaren eta errefusaren tratamendu jasangarrirantz joateko haziak ereingo dira. Guztion ahaleginarekin ernatuko diren belar ñimiño horietatik Zero Zabor basoa sortzen ikustea lortuko dugu.

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea

Usurbil, 2017ko urtarrilaren 9a