"Usurbilgo gazteok salatzen dugu! Horregatik larunbatean Bilbon izango gara", iragarri du Ernai Usurbilek sare sozialen bidez. Gogoan izan, abenduaren 28an Usurbilgo Kaleragunean Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako 400 militanteek egindako agerraldian jada bat egin zutela Sare mugimenduak euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko larunbaterako Bilbon (17:30etan Kasillatik abiatuko da) deitua duen manifestazioarekin. "Urtarrilaren 14an Bilbon izango gara, presoen eskubideen alde, konponbidearen eta askatasunaren alde", zioten.
Usurbilgo Ernaik egin bezala, Usurbilgo EHBilduk ere herritarrak larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu. "Kandela ez dadin itzali, orain Bilboko kaleetara!", adierazi dute NOAUA!ra helarazitako gutunean.
Garraio publikoa baliatzeko deia
Antolatzaileen esanetan jendetza espero da Bizkaiko hiriburuan. Datu bat horren erakusle; iaz baino %15 autobus gehiago espero dituzte larunbateko manifestazioan; guztira, 250-275 autobus. Herritarrak oro har manifestaziora joateko garraio publikoa erabiltzera deitzen dituzte. "Milaka sarekidek garraio publikoa erabiliko dute, txalogarria iruditzen zaigu, kontuta hartu behar baitugu horrelako mobilizazio jendetsu batek, Bilbon garraio ugaritze handi bat dakarrelako eta bide honetan oso lagungarria delako. Beraz, metroa, trena, autobusa edota tranbia erabiltzea oso komenigarria da, eta dagozkien arduradunei zerbitzu publikoen indartze bat eskatzen diegu", adierazi du Sarek.
Manifestazioari begirako beste eskaera bat ere egin dute. "Gerturatuko direnei, jarrera egoki bat izan dezaten eskatzen diegu, eta dagokien antolatzaileei kasu egitea. Gainera, anbulantzia, suhiltzaile… euren lana egiteko erraztasunak emateko kontziente izan gaitezen eskatzen dugu", diote.
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik, Bilboko manifestaziora
Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
Manifestazioa Bilbon: "Euskal presoak, Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!"".
Abiapuntua: 17:30etan, Bilboko Kasillatik.
Informazio gehiago: sare.eus
Deitzailea: Sare.
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik:
11:00 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga Elkartean eta tabernan.
15:30 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga, Bordatxo, Txiriboga eta Zendoia tabernetan.