Oporretatik bueltan Euskal Herriko 52 ikastolek abiatu dute eskola jazarpenari aurre egiteko Kiva programa izenekoa. Tartean, Usurbilgo Udarregi Ikastolak. Astelehenean egin zuten Kiva eguna eta programa berritzaile hau aurkezteko datorren aste hasieran gurasoekin biltzekoak dira ikastolako jangelan. "Mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da Kiva, Finlandiako Turku-ko Unibertsitateak garatutakoa. Helburua, noski, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea. Ikastolek xede hori lortzeko borondate irmoa dute. Hurrengo egunetarako, ekitaldi bereziak antolatu dituzte ikastolek, Kiva programa ezagutarazi eta ikastoletan txertatzeko", berri eman du Ikastolen Elkarteak.
Eskola jazarpenaren aurkako programa honek Eskola Komunitate osoa inplikatu nahi du; ikasle, irakasle, langile edota gurasoak. "Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere", diote Ikastolen Elkartetik.
Prebentziorako baliabideak
Programa honek prebentzioa lantzeko Turkuko Unibertsitateak ikasmaterial zehatzak landu ditu; besteak beste, testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat. "Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da", dio Ikastolen Elkarteak. Irakasleentzako ere eskola jazarpena detektatzeko baliabideak eskaintzen ditu Kiva programak, "ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “Kiva taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke Kiva taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du".
Kiva programak taldean eragin nahi dute. "Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena", diote ikastolen elkartetik. Beraz, errealitate honi errotik aurre egin eta desagertarazi nahi bada, talde osoarekin lan egin beharko da. Eskola jazarpen bakoitzaren atzean erasotzaile eta erasotu bat egoten baita, baina "datuek erakutsi moduan, baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere bai baita, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia". Horregatik taldean ere lan egin beharko da, "taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du Kiva egitasmoak prebentzioko proposamenetan".
Fenomeno globala
-Ikasleen %10ak jasan dute edo jasango dute bullyinga.
-Ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile eta %7 laguntzaile.
-Ikusle edo lekukoen %20a erasotzailearen alde agertzen dira (Laguntzaileak batuta, %27), %17 biktimaren alde.
-%34a ez da ohartzen eskola jazarpenaz.
Iturria: Ikastolen Elkartea.