Erraustegia geratu eta adostasun zabalak bilatzea eskatu dio EHBilduk Foru Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 12a, 14:32

EHBilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen taldeak erraustegiaren proiektua bertan behera utzi eta Gipuzkoak behar duen hondakinen kudeaketa ereduari buruzko adostasun sozial eta politiko zabala izateko elkarrizketarako mahai bat osa dezatela eskatu die EAJ eta PSE agintean dituen foru gobernuari. Erraustegia eraikitzeko nahian itsutuak daudela adierazi du EHBilduk. Iritzi politiko, nazioarteko eta medikuen aholku, eta herritarren eskaerei kasurik egin gabe jarraitzen duela foru gobernuak, eta zentzugabekeria hau geratzeko ordua dela adierazi du koalizioak.

Aurreko legealdian EHBilduk erraustegiko lanak eteteko hartutako erabakiaren harira, koalizioari erantzukizunak eskatzeko asmoa agertu du berriki Foru Aldundiak. Arreta desbideratzeko ahalegin gisara definitu du EHBilduk, foru gobernuaren jokabidea. Gaineratu dutenez, aurreko legegintzaldian hartutako erabakiak, txosten teknikoetan, legitimotasun demokratiko osoz eta legedia ehuneko ehunean errespetatuz hartu ziren. 

Gogoan izan bestalde, GuraSOSek aurkeztua duen errekurtsoa ebatzi arte, EAEko Auzitegi Nagusiak erraustegiaren lizitazioa geratzea agindu zuela urtarrilaren 5ean. Horren harira, asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitazioa gutxienez hilabetez atzeratuko zela aitortu behar izan zuen eta "impasse" egoera batean gaudela. EHBilduk gaur aditzera eman duenez, hilabete ez, egoera hau urteetan luzatu daiteke, eta gogorarazi duenez, Aldundia egoera oso delikatuan kokatzen ari da egungo foru gobernua.