Munduko janarien Tipi-Tapa igandean

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 13a, 11:10

Izango dugun giroa kontuan izanda, ekimen aproposa igande goiz eta eguerdi parterako. Azken bi hilabeteotan kale giroa suspertzeko ospatu dituen azoka arrakastatsuen ostean, aurreko denboraldietako Tipi-Tapa formatua berreskuratzea erabaki dute igande honetarako, Hurbilago Elkarteko tabernariek. Frontoian eta Artzabalen azoka formatuan ospaturiko gune gastronomikoen ostean, igande honetan, urtarrilaren 15ean ibilbidetxo bat egiteko gonbita luzatzen digute herriko ostalariek. Aurreko denboraldietan bezala, Tipi-Tapa ibiliaz, pintxo gozoak dastatzera Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Guria, Txiriboga eta Txirristra tabernetan barrena. Goizetik arratsaldeko 15:00ak arte. Kultura ezberdinetan barrena bidaiatu ahalko dugu gainera. Munduko jakiekin prestatuko dizkigute eta, zizka-mizka bereziok. Eta Tipi-Tapa amaieran, ohitura bihurtu den 150 euroko erosketa balea zozketatuko dute.

Behin behineko egutegia

Aipatu moduan, Tipi-Tapa formatua berreskuratu dute Hurbilago Elkarteko tabernariek igande honetarako. Baina hurrengo hilabeteotan, berriro helduko diete Bizi Kalea izeneko azokei. Honatx maiatzera arte hilero aurreikusiak dituzten hitzorduak:

-Urtarrilak 15, igandea: munduko janarien inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.

-Otsailak 4, larunbata: hirugarren azoka frontoian.

-Martxoak 12, igandea: laugarren azoka Txapeldun taberna aurreko plazan.

-Apirilak 9, igandea: koloreen inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.

-Maiatzak 13, larunbata: Hurbilago Azoka frontoian.

Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.