Elurrak Usurbil inguruko mendi gainak zuritu ditzake asteburuan

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 13a, 07:40

Asteburu osoan elurragatik abisu horian egongo da Euskal Herriko barnealde osoa eta jaisten joango da elur maila. Gertu ditugun mendi gainak zuritu ditzake. Ostiral iluntze honetarako 500 metrotatik gora egin dezake elurra. "Egunaren bukaeran 500 metro inguruan kokatuko da. Prezipitazio txikia egingo du, kantauri isurialdeko zenbait lekutan ertaina. Egunaren amaieran kantauri isurialdean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea txikia da", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Larunbatean are gehiago jaitsi daiteke elur maila. "Elur-kota 400-500 metro inguruan egongo da, noizbehinka 300 metrora; arratsaldean igo eta 600-700 metrora kokatuko da. Zaparrada txikiak botako ditu, kantauri isurialdean ertainak. Kantauri isurialdean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia da", iragarri du Euskalmet-ek. Igandean gorantz egingo du elur mailak; goizean 500-700 metrotan zuritu dezake, gerora 1.000 metrotik gora.

Hotzaldia ez da ordea asteburuan amaituko. Hurrengo asterako zero azpiko tenperatura izango omen dugu. Eta elurra itsas mailan ere egin dezakeela ari dira iragartzen jada, eguraldi kontuei buruz berri ematen duten zenbait atari. Momentuz honatx astebururako iragarpena:

Urtarrilak 13, ostirala

"Zaparrada sarriak eta elur-kotaren eta tenperaturaren beherakada. Hodeiek zerua estaliko dute eta giro iluna sortuko dute; egun osoan egingo du euria. Tenperatura nabarmen jaitsiko da eta ipar-mendebaldeko haizea oso indartsu ibiliko da; giro ezatsegina izango dugu, beraz. Tenperaturaren jaitsierarekin batera, elur-kotak ere behera egingo du eta goizean 600-700 metrora egongo da eta baliteke arratsaldetik aurrera 500 metrora kokatzea. Egunaren amaieran isurialde atlantikoan ekaitzak jo dezake, txingorrarekin".

Urtarrilak 14, larunbata

"Neguko giroa larunbatean. Euria egiten jarraituko du eta tenperatura are hotzagoa izango da, barnealdean maximoak 5ºC-tik behera geratuko dira. Baliteke elur-kota 400 metro inguruan egotea tarteka; arratsaldean igotzeko joera izango du eta 600 edo 700 metrora egon daiteke orduan. Ipar-isurialdean izango da ezegonkortasuna handiagoa eta han zaparradak handiagoak eta sarriagoak izango dira, noizbehinka ekaitza eta txingorrarekin batera. Mendi inguruetan izotza egingo du, Araba eta Nafarroako beste zenbait lekutan ere tenperatura 0ºC azpitik egongo da noizbehinka. Ipar-mendebaldeko haizeak ahultzera egingo du".

Urtarrilak 15, igandea

"Igandean giro nahasiarekin jarraituko dugu. Egunaren hasieran hotz egingo du oraindik eta noizbehinka zaparradak botako ditu; egunaren amaieran elur-kotak gora egingo du eta euria sarriago egitea espero da. Egunaren hasieran iparraldean zaparradak trumoitsuak bota ditzake, txingorrarekin batera, eta elur-kota 800 metro inguruan egongo da orduan. Arratsaldetik aurrera elur-kota 1000 metro ingurura igoko da eta egunaren amaieran euria etengabe egingo du. Tenperaturan aldaketa handirik ez, giro hoza edonon":

Informazio eguneratua: euskalmet.eus