Hartzekodunen lehiaketa aurkeztu dute Ingemarrentzat

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 13a, 18:56

Ingemar irekita mantentzeko adostua zegoen akordioa hautsi du, edo beste modu batean esanda, hartua zuen konpromisoa ez du du bete enpresako zuzendaritzak eta honek kinka larrian jarri du lantegiaren etorkizuna. Kapital handitzeari uko egin eta Ingemarrentzako hartzekodunen lehiaketa abian jartzeko eskaera aurkeztu zuen aste hasieran, Lugoko (Galiza) epaitegi batean. Azkar abiatu dute prozedura; antza, epaileak dagoeneko hartzekodunen lehiaketarako administratzaileak izendatu ditu. Orain hartzekodunekin negoziatzea tokatzen da. 

Zoritxarrez, Usurbilgo langileak, erakundeek eta bankuek Ingemar irekita mantentzeko eginiko ahalegin horrekin ez du antza bat egin enpresako zuzendaritzak. 

Enpresak ez du itundutakoa bete

Azken albisteok ezagutzera eman aurretik argi zioten langileek, ekainean hasi eta azarora arte luzatu zuten greba mugagabea amaitutzat eman zutela berri emateko, abendu hasieran egin zuten agerraldian. Greba mugagabea akordio on batekin amaitu zutela, baina "ibili beharreko bidean geratzen zaigun tartea luzea da oraindik", zioten. Gaineratzen zutenez, "Enpresa Batzordea adi egongo da, eta jarraipen estua egingo du, eraginpeko alderdi guztiek itundutako baldintzak bete ditzaten". 

Bost hilabeteko greba mugagabea alde guztiek onartutako akordio batekin amaitu zen. Akordio haren arabera, "plantillan 51 langileek jarraituko dute lanean, bideragarritasun-plan bat gauzatuko da-Usurbilgo ekoizpen-jarduera ziurtatzeko-, akziodunen batzak kapital-gehikuntza bat onartuko du, eta herri-erakundeek esku hartuko dute proiektuan", zioten. Aipatu moduan ordea, kapital-gehikuntza hau ez egitea erabaki du enpresako zuzendaritzak eta hartzekodunen lehiaketa aurkeztu du Ingemarrentzat.

Datozen asteotan albiste iturri izango da Ingemar.

Bideoa eta irudia: artxibokoa.