Iragarpenek bete betean asmatu dute beste behin. Gogotik egin du euria azken orduotan, eta botatakoak errio eta erreken ur emaria nabarmen haztea ekarri dute. Oria ohiko puntuetan bere bidetik atera da, baina arazo larririk eragin gabe, Zubietan Aliri zubi inguruan Santuenea eta Aginagako erriberetan ere bai. Txikierdi Zubietarekin lotzen duten herri bidea itxita dago, bide zati batzuk urpean baitira.
Esandakoa ordea, ez du momentuz behintzat, bestelako aparteko arazorik eragin. Alerta laranjan eman dugu gaua arratsaldeko 14:00ak arte. Dagoeneko alerta egoera amaitu da. "Oria, Urumea eta Urolako arroetan ibaietako mailak balio altuetan egongo dira eta arratsaldean jaisten joango dira", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Arratsaldeko 17:00ak pasatxoan oraindik Txikierdi eta Zubieta arteko bideak itxita segitzen zuen eta Oriak gainezka eginda goizean bezala, errio ertzetik gertuen dauden lur eremuetan.
Iluntzerako atertuko du bai, baina adi, hotzaldia datorkigu hurrengo egunotarako. Asteazkenean egun osoz abisu horian izango gara muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. "Tenperatura minimoak/maximoak kostaldean -1/2 ºC ingurukoak izan daitezke, Kantauri zonaldeko barnealdean -3/1 ºC", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Urtarrilak 16, astelehena
"Astelehen euritsua espero dugu, iparraldean behintzat; Nafarroako hegoaldean hodeiak ez dira hain trinkoak izango eta goizean euria noizbehinkakoa izango da. Gainerako tokietan euria etengabe egingo du eta egunaren amaieran atertuz joango da, ekialdean lehenago. Elur-kota 1400 metro inguruan egongo da, Pirinioetan beherago agian, baina egunaren azken orduetan, atertuz doan heinean, tenperatura eta elur-kotaren beherakada handia espero da. Kostaldean eta Ebro ibarrean ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da. Tenperatura maximoek gora egingo dute apur bat".
Urtarrilak 17, asteartea
"Asteartean hotz handia egingo du; hainbat tokitan izotza botako du eta eguerdi aldean ez du epeltzera egingo, beste egun batzuetan bezala. Goizaldean mendebaldean hodei trinkoak agertuko dira eta han prezipitazio txikia egingo du, atertzeko joerarekin. Elur-kota 800-1000 metro ingurukoa izango da han, baina nahiko azkar egingo du behera, atertuz doan heinean. Ekialdean zerua hodei gutxirekin egongo da eta eguna aurrera joan ahala mendebaldean ere ostarteak zabalduko dira. Arratsaldean giro eguzkitsua espero dugu edonon. Pirinioetan izotz handia egingo du, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean ere izotz apur bat egin dezake. Barnealdeko zenbait tokitan tenperatura 0ºC azpitik geratuko da, kostaldeko maximoak 5ºC ingurura ailegatu daitezke. Ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da eta hotz-sentsazioa areagotu egingo da. Ebro ibarrean ziertzoa indartsu ibiliko da".
Urtarrilak 18, asteazkena
"Asteazkenean ere hotz handia egingo du. Tenperatura are gehiago jaitsi daiteke eta izotza botako du edonon, handia Pirinioetako bailaretan, bai Nafarroan eta baita Iparralden ere. Barnealdean ez ezik, kostaldean ere izotza egin dezake. Ekialdean giroa eguzkitsua izango da orokorrean, baina hala ere hotz egingo du. Mendebaldean hodei gehiago ikusiko dira, tarteka trinkoagoak, eta elur apur bat bota dezake, bereziki Bizkaian eta Araban. Ipar-ekialdeko haizea ahulduz joango da arratsaldean. Termometroek ez dituzte 5 ºC-ak gaindituko eta barnealdeko toki askotan 0 ºC azpitik geratuko dira".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus
Bideoa: 2017/01/16 Oria gainezka