Bittoriano Pikabea hil da, Aginagako organo jolea. Bere aldeko hileta elizkizuna, asteartean izango da, 18:00etan Aginagako Elizan. 74 urte zituen Pikabeak eta haietatik 58, Aginagako Elizako organoa jotzen eman zituen, ia bizi osoa. Ondokoa, maiatzaren lehenean Aginagako Elizak bete zituen 50. urtemugako ospakizunetan Bittorianori ateratako irudia duzue. Ezustean omendu zuten. Lehenago, organo-jole gisa 50 urte bete zituenean, 2008ko azaroan elkarrizketatu genuen NOAUA!rako. Honatx elkarrizketa hura bere osotasunean:
Bittoriano Pikabea, Aginagako organista
Eskola garaitik musikarako sena izan du. Etxean ere solfeoko liburuak gordeta ditu. Aginagako eliza izan ohi du bere oholtza. Eta bere eskura, esanahi handiko musika instrumentua; organoa. Pasa den larunbatean, azaroak 22, Santa Zezili, musikarien eguna zen. Baina irteera bat tarteko, asteburu honetan ospatuko du. Musikaria baita eta urteurren berezia ospatuko du. Ez baitu marka makala hautsi; Aginagako elizan organista lanean, 50 urte bete ditu alajaina. Eta zeregin horretan lanean jarraitzeko gogoz dago, etorkizunerako errelebo bila ibili arren. Bittoriano Pikabeari, Aginagako organo-joleari buruz ari gara.
NOAUA! Azaroak 22, Santa Zezili, musikarien eguna. Baita zeurea ere?
Bittoriano Pikabea. Ospatzen dugu. Ahal denean, bere egunean. Baina aurten irteera izanik, ospakizuna atzeratu dugu hilaren 28ra arte. Abesbatzako hamabost lagun jator elkartean bildu eta afaria egiten dugu.
N. Aurten ospakizun bikoitza gainera; egunagatik eta organista gisa 50 urte bete berri dituzulako?
B. P. Garai batean ez nuen halakorik pentsatuko. 50 urte maiatzean bete nituen. Ez da sinistekoa, ezta pentsatu ere. Garai batean esan bazidaten... Aurrera jarraitzeko asmoa dut.
N. Uzteko asmorik ez. Odolean daramazu?
B. P. Behin barneratu nuen, kostata. Lehen urteak gogorrak izan ziren. Dena nagia zen, behatzak, teklatua. Orain ere on horietakoa ez naiz, baina gaur egun lotsarik gabe, modu ireki eta naturalean ateratzen zait. Talde oso ona dugu. Lehen, garai batean, jendea gaizki ohituta zegoen. Lehengo organistarekin, organoa jo eta abesten bera hasten zen eta gero, herriak jarraitzen zion. Ni hasi berritan, organoa jota kantari ez nintzen hasten. Jendeak lagundu baino barre eta iseka gehiago egiten zuen. Lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren. Gaur egun ez dago halako arazorik. Zuzendaria ere oso ona dugu, Javier Pikabea. Musikaria da. Organoari tonua ematerako, bera abiatu eta denek jarraitzen diote.
N. Duela 50 urteko maiatza. Nork irakatsita ekin zenion organoa jotzeari?
B. P. 1956. urte inguruan, apaiz eta musikaria etorri zen. Eliza Zaharrean ospatzen ziren mezak. Abesbatza eta eliza bera zaharkitua zeudela zioten. Organistak ere urte asko egin zituela zioen beste batek. Hor zerbait egin beharra zegoela aipatzen zuten. Orduan, apaiza gaztediarekin lanean hasi zen. Lanerako gogo handiz etorri zen Antonio Jauregi. Gazteak bildu eta musika irakasten hasi zen. Berak ekarritako solfeoko liburuak, mila aldiz errepasatuak nituen Usurbilgo eskolan. Hanka sartze pare bat egin ostean, apaizak musikari buruz zerbait ba ote nekien galdetu zidan. Berak ekarritako materiala errepasatua nuela erantzun nion. Garai hartan, geure aitak abesbatzan parte hartzen zuen. Hark esan zidan, ni aukeratu baninduen zerbaitegatik izango zela. Apaizarekin eta orduko organo-jole Agustin Furundarenarekin segituan hasi nintzen. Oso gizon ona zen. Lotsa kentzeko hasi nintzen. Igandetan goizeko zazpietan mezetan, jarraian goizeko mezan, orduko organistaren ondoan ikasten joan nintzen.
N. Ekitaldi asko ospatuko zen Aginagako elizan. Lekuko zuzena izan zara?
B. P. Egun berezienetakoak, gotzainak etorritakoan izaten ziren. Organoa jotzen nuela, sei bat etorri izan dira. Hemengoak eta kanpokoak.
N. Musika errepertorioari dagokionez, denetarik joko zenuen. Doinu berezirik?
B. P. Musika errusiarra adibidez. Bestalde, kantuak euskaraz jarrita ditu, Javier Pikabeak. Abestiak asmatzen artista da. Oso gustukoak ditut, euskal kantak.
N. Baten bat bereiziki?
B. P. Denak ditut gustukoak. Apartatzekorik ez dut. Denak politak dira.
“Oso ahots ederrekoak dira abesbatzako kideak”
NOAUA! Organista batentzat apaiza eta abesbatzarekin ondo moldatzea ezinbestekoa izango da?
Bittoriano Pikabea. Gaur egun, abesbatzarekin ondo eraman beharra dago. Apaiz batzuk ez zuten belarririk eta beste batzuk gehiegi, Aranaldek bezala. Gaur egungoa, Horazio zoragarria da, oso ahots polita eta belarri ona du.
N. Elkarlanak guztia bideratzen baitu?
B. P. Gozagarria da. Dena errazten du, lagundu egiten du. Eta harro sentitzen zara. Oso ahots ederrekoak dira abesbatzako kideak. Oso ondo abesten dute. Haiek kantari hastean, herri guztia kantari hasten da. Poza ematen du, orain ez du uzteko gogorik ematen.
N. Aurrera jarraitzeko asmoa duzu organista bezala, baina izango al da erreleborik?
B. P. Hemen batere ez, nik dakidanik behintzat. Inor egongo balitz, gustura lagunduko nioke. Baina gaurko gazteak, ez zait iruditzen. Lotura bat da. Nahi bai, baina zaila da. Ez dut uste gaur egun jendeak halako loturik hartu nahi duenik. Baina, nahi ez duzula ere, kezkatu egiten zara.
N. Organoak zer berezitasun ditu?
B. P. Kapera batekoa da, oso ona. Marka frantziarrekoa.
N. Frantziarrak onenak?
B. P. Bai. Elizetako organoetan onenak frantziarrak dira.