Oria ohiko bidetik dator berriz, euriteen ostean hotzaldia orain

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 17a, 09:48

Astearte goiz honetan ur emari handia dakar oraindik, baina jada bere ohiko bidetik dator errioa. Zubieta eta Txikierdi arteko bidea zabalik dago berriz. Azken egunotan izandako euriteen arrastoak baino ez dira geratzen jada Oria ertzean, atzo  gainezka egin ostean. Euriteen ostean orain hotzaldia dator. Asteazkenean egun osoz, abisu horian izango gara muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. "Tenperatura minimoak/maximoak kostaldean -1/2 ºC ingurukoak izan daitezke, kantauri zonaldeko barnealdean -3/1 ºC", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Honatx egunotarako egin duen iragarpena:

Urtarrilak 17, asteartea

"Asteartea oso hotza izango da eta izotza botako du leku askotan. Ekialdean hodei gutxi izango ditugu lehen orduetatik, eta mendebaldean, goizak aurrera egin ahala, hodeiak saretuz joango dira. Era horretan, arratsaldean eguzkia gailenduko da edonon. Izotz handia bota dezake Pirinioetako zenbait lekutan eta Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldean ere litekeena da izotza egitea. Tenperaturak ez du 0 ºC-tik igotzea lortuko barnealdeko leku askotan eta kostaldean, gehienez, 5 ºC ingurura iritsiko da. Ipar-ekialdeko haize biziak areagotu egingo du hotz sentsazioa; Ebro Ibarrean ziertzoak indartsu joko du".

Urtarrilak 18, asteazkena

"Asteazkenean ere hotz handia egingo du. Tenperatura are gehiago jaitsi daiteke eta izotza botako du edonon, handia Pirinioetako bailaretan, bai Nafarroan eta baita Iparralden ere. Barnealdean ez ezik, kostaldean ere izotza egingo du. Ekialdean giroa eguzkitsua izango da orokorrean, baina hala ere hotz egingo du. Mendebaldean hodei gehiago ikusiko dira, tarteka trinkoagoak, eta elur-maluta batzuk eror daitezke, bereziki Bizkaian eta Araban. Ipar-ekialdeko haizea ahulduz joango da arratsaldean. Termometroek ez dituzte 5 ºC-ak gaindituko eta barnealdeko toki askotan ozta-ozta gaindituko dituzte 0 ºC-ak".

Urtarrilak 19, osteguna

"Ostegunean eguzkia izango da nagusi eskualde guztietan, baina hotz egingo du. Eguneko tenperatura maximoek gora egingo dute apur bat; kostaldean litekeena da 5 ºC-ak gainditzea baina barnealdeko leku gehienetan balio horren azpitik geratuko dira. Izotza botako du ia lurralde osoan eta handia izan daiteke Araba eta Nafarroako zenbait lekutan".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus