Txokoaldeko tren geltokiko eraikinean, kultur proiektu berritzaileak garatzeko udal deialdia

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 17a, 12:57

Garai bateko Txokoaldeko tren geltokia biziberritu asmo du Usurbilgo Udalak. Gunea jarduera soziokulturaletara bideratu nahi du. Horretarako, eraikinaren erabileraren lagapena gauzatzeko Eusko Trenbide Sarearekin elkarlanerako hitzarmena sinatua du, udalbatzak irailaren 27ko osoko bilkuran hala egitea gehiengo osoz onartu ostean. 

Usurbilgo Udalak nabarmentzen duenez, "bere eskumenen barruan, interesa du zenbait jarduera kultural sustatzeko, eta horretarako, egoki irizten du Aginagako geltoki zaharreko eraikinari erabilera hori ematea, kontuan izanda une honetan ez duela tren erabilerarik, ezta bestelakorik ere".

Kultur proiektu berritzaileak garatzeko deialdi irekia

Aipatu eraikina ekimen soziokulturaletara bideratzeko urrats berri bat eman du orain Usurbilgo Udalak; Txokoaldeko trenbide ondoko etxean kultur proiektu berritzaileak garatzeko deialdi irekia egin du Usurbilgo Udalak. Honatx deialdi honen oinarrien berri:

Deialdiaren helburua

-Taldeek zein norbanakoek sorkuntza prozesuak garatzeko gunea izan nahi du.

-Adierazpen artistikoen berrikuntzara, parte-hartzean oinarritutako kudeaketara eta tokiko eta inguruarekiko loturara bideratu nahi da.

-Sektoreren batean kokatuta egon beharko dute: ikusmen arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza, eta abar.

-Bertan garatzen diren ekintzak, beti ere, Usurbilgo herriarentzat onuragarriak eta aberasgarriak izango dira.

-Desberdinen arteko elkarrizketa eta lankidetza bilatu nahi da bertan. Honenbestez, udalaren esku geratzen da aurkeztutako proiektuen artean, bat baino gehiago aukeratzea.

Eskatzaileek bete beharreko baldintzak

-Norbanako zein taldeek aurkez dezakete proposamena. Bestalde, proposamen bat baino gehiago aurkez daitezke.

Prozedura

-Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, alkatetza dekretuz.

Iraupena

-Bi urtetarako utziko da lokala. Epe hau, bi aldeen adostasuna tarteko, beste bi urtera luza daiteke.

Proposamenak aurkeztea

-Proposamenak aurkezteko azken eguna 2017ko otsailaren 10a izango da.

-Proposamenak Usurbilgo Udaleko erregistroan edo postaz bidaliko dira. Hona hemen helbidea:

Usurbilgo Udala

Kultura Saila

Jose Martin Sagardia Plaza z.g.

20170 Usurbil

-Proposamenak postaz bidaltzen direnean, posta-bulegoan bidaltzen deneko data justifikatu beharko da, eta egun berean e-mail bat bidaliko zaio Udalari, euskara@usurbil.eus helbidera.

-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu beharko dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da. Lanak euskaraz aurkeztuko dira.

-Proposamen bakoitzeko, bi kartazal aurkeztuko dira, –A eta B –, eta hauen kanpoaldean, ondoko datuok jasoko dira:

Egilearen izengoitia

A edo B kartazala den (kasuaren arabera).

Txokoaldeko ideia lehiaketa

A kartazala: Gutunazal itxi batean aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo elkartearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu.

B kartazalean: Proiektua aurkeztuko da. Gutxienez atal hauek jasoko ditu proiektuak:

- Proiektuaren deskribapen zehatza.

- Sormena, sorkuntza eta berritzaile izaeraren nolakotasuna azaltzea.

- Proiektuaren giza baliabideak (izenik adierazi gabe) eta baliabide materialak.

- Dagoen lokala kontuan izanda, erabilera partekatua bideratu ahal izateko dituzten aukerak.

- Proiektuaren komunikazio eta zabaltze estrategia.

- Herriko kultur eta gizarte dinamikarekin uztartzeko ekintzen nolakotasuna.

- Proiektuak Usurbil eta Txokoalde zertan aberastuko duten adieraztea.

- Proiektu jasangarria izatearen adierazleak: ingurumena, hizkuntza, parekidetasunaren aldetik.

Hautaketa irizpideak

Hauek izango dira proiektuak aukeratzeko irizpideak:

- Proiektuaren formulazioa: landua izatea, zehaztasuna eta argitasuna. (10 puntu gehienez).

- Proiektua originala, sortzailea eta berritzailea izatea (Edukian eta metodologian). (30 puntu gehienez).

- Herriko kultur eta gizarte dinamikarekin uztartzeko ekintzen nolakotasuna. (20 puntu).

- Proiektuak Usurbil eta Txokoalderi ekarriko dion aberastasuna (20 puntu).

- Proiektuaren komunikazio eta zabaltze estrategia (10 puntu gehienez).

- Proiektu jasangarria izatea: inguruarekin, hizkuntzarekin, parekidetasunari lotuta...(10 puntu)

Aurreko irizpideen balioespenean gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak baztertuta geratuko dira.

Proiektuaren jarraipen agiriak

Proiektua bideratuko duenak, proiektua gauzatzen hasi eta bi urtera, agiri hauek aurkeztuko ditu udalean:

Bi urtetan egindako lanaren memoria, bertan, besteak beste, honakoak zehaztuz:

- Berrikuntza eta sormen aldetik bideratu den lana.

- Komunikazio eta zabaltze estrategian egindako lana.

- Herriko kultur eta gizarte dinamikarekin nola uztartu den.

- Egindako lanak herria zertan aberastu duen.

- Jasangarritasun irizpideen gauzatze maila.

- Hurrengo bi urtetarako ekintzen aurreikuspena.

Oharrak

Eraikinari dagozkion hornikuntza gastuak (argia, ura) eta eraikinaren mantenu arrunta, baita bere kasuan beharrezko dituzten egokitzapenak ere, proiektua bideratuko duenaren kontu izango dira. Besteei eragindako kalteak aseguratuko dituen Erantzukizun Zibileko poliza bat ere kontratatu beharko dute.