Ugartondo etxebizitza eraikin berrien gune izatetik gertuago dago gaur. Usurbilgo Udalak astearte honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman bezala, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) eremuari dagokion urbanizazio proiektua behin betiko onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak joan den abenduaren 20an. Joan den irailaren 27an eginiko Tokiko Gobernu Batzarrean hasieraz onartu zuen Usurbilgo Udalak proiektu hau. Alegazio epean egon zen azaroan.
Alegazio epean zegoen baita, irailaren 30ean alkateak dekretu bidez hasieraz onartutako "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuari dagokion Barne Erreformako Plan Bereziaren 1. Aldaketa". Aldaketa hau ere behin betiko onartu zuen udalbatzak, abenduaren 20an eginiko osoko ohiko bilkuran.
Ugartondo eremuan eraikitzea aurreikusten den etxebizitza egitasmo berria, bistan denez, aurrerabidean da. Gogoan izan, Usurbilgo Gaztetxea kokatua dagoen eremuan gauzatuko direla bizilekuok.