Zero azpirainoko tenperatura, gutxienik ostiralera arte

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 18a, 08:00

Abisu horian izango gara gutxienez datozen bi egunotan, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. "Tenperatura, egun osoan zehar, balio baxuetan mugituko da. Izotz txiki-handia edonon egingo du. Tenperatura kostaldean -1/2 ºC ingurukoa izan daiteke, kantauri zonaldeko barnealdean -3/1 ºC", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Goizeko 10:00ak pasatxoan, ondoko irudian ikus dezakezuen tenperatura genuen Kaxkoan.

Bestalde, datozen orduotan, prezipitaziorik izango balitz, elur moduan botako du. "Egunaren erdiko orduetan, noizean behin prezipitazio txikiren bat egin dezake, bereziki EAEaren mendebaldean, bertan botatzen duena elur moduan izan daiteke edozein mailatan". Asteazken goiz honetan bertan, tanta batzuk bota ditu Usurbilen.

Bihar are hotz handiagoa egin dezake. "Goizaldean, goizean goiz eta gauean izotz txiki-handia edonon egingo du. Tenperatura kostaldean -2/5 ºC ingurukoa izan daiteke, kantauri zonaldeko barnealdean -4/3 ºC".

Ostiral goizeko 10:00ak arte izango gara abisu horian, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. "Goizaldean eta goizean goiz izotz txiki-handia egingo du. Tenperatura minimoak -1 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, -4 ºC-koak kantauri zonaldeko barnealdean".

IRAGARPENA

Urtarrilak 18, asteazkena

"Gaur hotza izango da nabarmenena lurralde osoan eta barnealdeko leku askotan maximoak ozta-ozta iritsiko dira 0 ºC-ra. Zeruan tarteka hodei dezente ikusiko ditugu, bereziki mendebaldean; bertan baliteke elur-maluta batzuk erortzea. Iparraldeko haizea ibiliko da, nahiko bizi goizean, bereziki Ebro Ibarreko hainbat tokitan".

Urtarrilak 19, osteguna

"Osteguneko lehen eta azken orduetan izotza botako du edonon baina eguneko tenperaturak gora egingo du apur bat. Hotz egiten jarraituko du baina maximoak igo egingo dira lurralde osoan. Kantauri isurialdean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira baina gainerakoan zerua ia oskarbi egongo da".

Urtarrilak 20, ostirala

"Ostiralean giro eguzkitsua izango dugu. Goizaldean eta azken orduetan izotza botako du leku gehienetan beste behin, baina maximoek berriro ere beste koska bat egingo dute gora; era horretan, 5-10 ºC artean mugituko dira. Zeruan goi-hodei batzuk besterik ez dira egongo eta beraz, eguzkia izango da jaun eta jabe. Eki/hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus