Erraustegiaren aurkako manifestazioa, otsailaren 4an Hondarribian

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 19a, 10:14

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Txingudi Bizirik plataformak erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu dute otsailaren 4rako, larunbata. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da Butroi pasealeku amaieratik, "Errausketarik ez Txingudin, ez Zubietan" aldarripean. 

Lizitazioa suspentsoan

Aitortu beharrean aurkitu zen azkenean Gipuzkoako Foru Aldundia; GuraSOSek urtarrilaren 5ean, Donostiako epaitegi atarian adierazi bezala, erraustegiaren lizitazioa suspentsoan dagoela, "impasse" egoeran. EAEko Auzitegi Nagusiak guraso taldeak aurkeztua duen errekurtso bat ebatzi arte. Prozesu honek gutxienez hilabete atzerarazi dezake erraustegiaren lizitazioa, Foru Aldundiaren esanetan. 

Lizitazioa bertan behera, epaileak erabaki arte

GuraSOSen errekurtsoa Euskadiko Auzitegi Nagusiak ebatzi arte, Donostiako epaitegiak Foru Aldundiari lizitazioa suspentsoan uztea agindu zion Foru Aldundiari urtarrilaren 5ean. Alegia, erraustegiaren lizitazioa bertan behera geratu da oraingoz; bai behintzat, epaileak aipatu errekurtsoa ebatzi artean. Epaitegietatik heldutako azken orduko albistea baloratzeko urgentziazko agerraldia egin zuen arratsalde berean GuraSOSek hain zuzen, Donostiako epaitegi atarian.

"Hitz egin behar dugu"

Honakoa gipuzkoarrontzako albiste oso garrantzitsua dela nabarmendu zuten, azken asteetako gertakarien ostean harriduratik poztasunera igaro ziren GuraSOSeko kideek. "Oso pozik gaude, justiziak garbi utzi duelako, herriaren gainetik, justiziaren gainetik ezin daitezkeela gauzak egin. Inolaz ere, gauzak egitekotan herri honetan, herritarrekin kontatu beharko da, justizia aintzakotzat hartu beharko da", adierazi zuen GuraSOS elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak.

Azken egunotako gertakariekin herritarrak agintariekiko konfiantza galtzen ari zirela adierazi zuten. "Eta berriro ere konfiantza hori berreskuratzeko ahalegin handi bat egin beharko dugu", nabarmendu. Konfiantza hori berreskuratzeko, GuraSOSen aldarri izan diren elkarrizketa eta adostasunaren bide horretara itzultzeko deia egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta hurrengo bilera, epaitegietan ez, Aldundian bertan izatea eskatu zuten. Herritarrei entzun egin behar zaiela gogorarazi zuten, prozesu parte hartzaile bat martxan jarri eta "gure seme alaben osasuna gehien bermatuko duen kudeaketa posible egin behar dugu".

“Abenduaren 27an ez zen lizitaziorik izan”

Abenduaren 27an ez zen erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua esleitu, esleipen hau gauzatu aurretik egin beharreko tramite bat baino ez zuen onartu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), GuraSOSek jakitera eman duenez.

Dossier bat plazaratu du guraso taldeak. Bertan, erraustegiaren proiektu honi loturiko irregulartasunak agerian uzten ditu. Ondorio argi batera heldu da GuraSOS. "Proiektu hau guztiz bideraezina da eta ez da gauzatuko", ohartarazi dute.