Akordio bat erdietsi eta akordio hori gauzatzeko urratsak ematekotan ziren honetan, hartzekodunen lehiaketa aurkeztu dute Ingemarrentzat. Bai Usurbilgo lantegiarentzat baita talde bereko beste bi plantentzat ere; Ingemarga S.A. eta Corporacion Ingemar. Nobedade garrantzitsu honen harira, Usurbilgo lantegiko lan batzordeko kideek agerraldia egin dute ostegun goiz honetan, ELA sindikatuak Donostian duen egoitzan. Enpresak etorkizuna baduela diote, lantegiaren errentagarritasuna defendatzen dute. "Ingemar S.A. Taldeak Usurbilgo lantegian du egoitza soziala, Usurbilen ekoitzi baita hainbat urtetatik hona balio erantsi handieneko produktua, lantegi hori errentagarria da argi eta garbi, falta den gauza bakarra horretan sinestea da, eta abiarazteko adinako kapitala ekartzea", adierazi dute.
Gogora dezagun, ekainaz geroztik itxieraren aurka bost hilabeteko greba mugagabea egin zutela langileek azarora arte. Akordio batekin amaitu zuten greba hura. Akordio hartan, besteak beste, "akziodunek kapital-gehikuntza onetsi zuten, baina azkenean ez da gauzatu. Hasieran milioi bat euroko kapital-gehikuntza egin behar zen, bideragarritasun-plana abiarazteko, eta gero beste hiru milioi euroko ekarpen bat plana gauzatzeko. Borondatezko konkurtso horretarako eskaria Lugon aurkeztu da, 26/2017 Ohiko Konkurtso Prozeduraren bidez, zeren INGEMARGA, S.A.ren egoitza Lugon dago, eta enpresa filial hori da pasiborik handiena duena".
Inbertsiogile bat erakartzeko laguntza eskaera erakundeei
Egoera honen erantzuleek, langileek esanetan errudunek, izen abizenak dituzte. "Ingemar S.A.-ko langileen ustez egoera horren errudunak dira, batetik, Ingemar taldeko administratzaile bakarra, Jose Longarela, kudeaketa txarra egin duelako, eta ekarpena bermatu ez duelako; eta bestetik, akziodunak, kapital-gehikuntza onetsi arren gauzatu ez dutelako".
Langileok berri eman dutenez, aste hasieran, hilaren 16an bildu ziren lehen aldiz konkurtso-administratzailearekin eta mezu argia helarazi zioten. "Enpresa Batzordeak azaldu zion, lehenik eta behin langileen kezka geroaz, eta bigarren, konkurtsoa jardunean jarraitzeko modukoa izateko eskaria; hau da, ea taldeko Zuzendaritzak hitzarmen bat aurkezten duen, inbertsiogile bati sarbidea emateko, eta ea konpromisoa hartzen duen, lantegia jardunean iraunarazteko, azaroan Zuzendaritzarekin lorturiko akordioak betez", adierazi dute gaurko agerraldian.
Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Usurbilgo Udalari orain arteko bidetik segitzea galdegin diete, "orain arte jokatu duten bezala jokatzen jarraitzeko, eta hortaz inbertsiogile bat erakartzen laguntzeko, Ingemar S.A. lantegiaren bideragarritasuna ziurtatze aldera; hala jaso baitzen Taldeko Zuzendaritzaren eta langile-ordezkarien arteko akordioan. Horren menpean daude 51 langileren lana eta 26 langileren aurre-erretiroak". Guztira 75 familien geroa dago jokoan. Argi utzi dute langileek gaurko agerraldian; ez dute etsiko. "Langileok azken mugaraino eramango dugu gure borroka", adierazi dute hedabideen aurrean. Enpresa ixteko edozein ahaleginik bada, langileak itxiera horren aurka izango dituela adierazi dute.