Zero azpiko tenperatura iragarri zuten igaro berri dugun gau eta goizalderako. Abisu horian izan gara tenperatura baxu eta izotzagatik eta begi bistakoak dira izan dugun hotzaren ondorioak. Zurituta esnatu zaigu herria. Goizeko 10:00ak arte izan dugun abisu horia indargabetu dute, nahiz berriz indarrean jarriko duten ostiral gauerditik larunbat goizeko 10:00k arte. "Kostaldeko zenbait lekutan, baliteke izotz txikia egitea, bereziki Gipuzkoan", ohartarazi du Euskalmet metereologia agentziak. Honatx astebururako iragarpena:
Astebururako iragarpena
Urtarrilak 20, ostirala
"Gaur, giro eguzkitsua, erdi-mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Izotzarekin emango diogu hasiera egunari edonon, baina egunaren erdiko orduetan, termometroek atzoko balioak gaindituko dituzte. Hegoaldetik hodeiak iristen joango dira eta, beraz, zerua ez dugu erabat garbi ikusiko. Dena den, momentu askotan ostarteak zabalak izango dira, bereziki goizean. Araba eta Nafarroa hegoaldean baliteke hodeiak apur bat trinkoagoak izatea eta, hortaz, giroa hain eguzkitsua ez izatea".
Urtarrilak 21, larunbata
"Larunbatean ere, oro har, eguzkitsu baina goi-hodei eta erdi-mailako hodei batzuekin. Zeruan ez dugu aldaketa askorik espero eta ostarteak zabalak izango dira une askotan. Tenperaturak beste koska bat egingo du gora eta maximoak epelagoak izango dira; 9-12 ºC arteko balioak lortuko dira. Goizaldean eta goizean goiz izotza botako du berriro, baina termometroak ez dira hainbeste jaitsiko eta printzipioz barnealdera soilik mugatuko dira".
Urtarrilak 22, igandea
"Igandean giroa apur bat nahastuko da. Hodeitza aldakorra izango da eta ez dugu baztertzen tarteka euri apur bat egitea kantauri isurialdean. Haizeak iparraldetik joko du eta tenperatura pixka bat jaitsiko da".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus