Gazte eragileokin bildu eta jasotako datuekin azterlan bat osatu du Usurbilgo Ernaik. “Datu bilduma honen helburua argazki erreal bat ateratzea izan da, ahalik eta gertuen egotea errealitatetik berau aztertu eta eraldatzen saiatzeko”, dio gazte erakundeak landu duen diagnosiko ondorioen atalean.
Argazki horretan, herri mugimenduari dagokionean, pluralismo kultural bat badela sumatu dute; “helburu eta alor ezberdinetan lanean diharduten eragile, lan talde edo plataformak dira horren erakusle”. Bereziki ordea, gazteen presentzia nabarien, aisialdiko ekimenen eta jai batzordeen bueltan dago. Sormenaren alorrak ere bere garrantzia du halere, gazteen parte hartzeari dagokionean.
Bi eremuotako eragileak elkarrizketatu ditu hain zuzen, Usurbilgo Ernaik osatu duen diagnosirako. Elkarrizketotatik hainbat datu jaso ditu, gehienbat, gazte eragileen perfilari loturikoak; adina, generoa, okupazioa… Egin duten azterlanak gehiagorako ere balio izan die, “hurbilketa eta harreman sare bat ere egin dugula esan daiteke”.
Eta datu bilketatik abiatuta, hainbat erronka marraztu dituzte etorkizunerako; esaterako, jaien antolaketa lanetan edota aisialdian soilik ez, “beste alorretan gazte aktibazioa bermatzen eta sustatzen jarraitzea”. Bereziki gazteenen artean. “Gazte mugimendu iraunkor eta jarrai bat bermatzeko gazteenengana hurbiltzeak du garrantzia”, ohartarazi du Ernaik. Herrigintza, lankidetza eta talde lana asko partekatzen diren balioak izan arren, hauek sustatzen segitzeko beharra dagoela ikusten dute.
Eraldaketako “potentzialitate bat ikusten da herrian baina hau artikulatu beharra dago eraginkorra izan dadin”. Bereziki aisialdi eta jaien eremuan nabarmentzen da gazteen presentzia. Baina diotenez, “denon artean neurtu beharko ditugu baldintza egokiagoetan jarri behar ditugun borrokak edo baldintzatuta dauden borroketan jarri behar dugun indarra. Elkarlana eta auzolana”. Herrikidetzan eta hartuemanetan sakondu nahi lukete etorkizunean.
Diagnosiaren emaitzak
Eragileen zerrenda bat osatu zuten lehenik. Hortik eragile talde batzuekin bildu eta datu esanguratsu ugari batu zituzten. Esaterako, gazte eragileen hiru laurdenak jai batzordeetan parte hartzen dabiltza, eta ikasleak dira. Erdiak 21-25 urte ditu. Generoa aintzakotzat hartuta, emakume eta gizonezko eragileen parte hartzea parekoa da. Auzolana eta herrigintzari garrantzia ematen diote, baita harremantzeari ere diagnosian bildu dituzten datuon arabera:
Gazteak partaide dituzten eragileak:
-Hezkuntzan: Ziortza, Udajolas.
-Sorkuntzan: Orbeldi Dantza Taldea, musikariak.
-Gazte mugimenduan: Gaztetxeko Asanblada.
-Feminismoa: Matrakak Talde Feminista.
-Jai Ereduak: Aginaga, Atxegalde, Kalezar, Santuenea eta Zubietako Jai Batzordeak.
Parte hartu duten eragileak
1. Blokea: jai batzordeak.
2. Blokea: hezkuntza eta sorkuntzaren eremuan, Udajolaseko begiraleak eta Dantza Taldea.
156 gazte, galdekatu diren eragileetan
%74,4 jai ereduetan (116 lagun).
%25,6 hezkuntzan eta sorkuntzan (40 lagun).
Generoaren araberako parte hartzea
%50,8 emakumezkoak (64 gazte).
%49,2 gizonezkoak (62 gazte).
Jai ereduetan: %55,8 gizonezkoak (48 gazte), %44,2 emakumezkoak (38 gazte).
Sorkuntzan eta hezkuntzan: %35 gizonezkoak (14 gazte), %65 emakumezkoak (26 gazte).
Adin taldeen araberako parte hartzea
Jai ereduetan:
15-20 urte: %34,5 (40 gazte).
21-25 urte: %44 (51 gazte).
26-30 urte: %21,6 (25 gazte).
Hezkuntzan eta sorkuntzan:
15-20 urte: %17,5 (7 gazte).
21-25 urte: %57,5 (23 gazte).
26-30 urte: %25 (10 gazte).
Guztira:
15-20 urte: %30,1 (47 gazte).
21-25 urte: %47,4 (74 gazte).
26-30 urte: %22,4 (35 gazte).
Gazteen okupazioaren araberako parte hartzea
Jai ereduetan: %63,8 ikasleak (74 gazte) eta %36,2 langileak (42 gazte).
Hezkuntzan eta sorkuntzan: %90 ikasleak (36 gazte) eta %10 langileak (4 gazte).
Guztira: %70,5 ikasleak (98 gazte) eta %29,5 langileak (42 gazte).
Azterketa kualitatiboa
Helburuak
Jai ereduetan: auzoari/herriari bizitza ematea, jaiei ekonomikoki aurre egitea, parte hartzaile gehiago lortzea, adin ezbedinetako pertsonak harremantzea, antolakuntza egokiago bat lortzea.
Hezkuntzan eta sorkuntzan: baloreetan oinarritutako eskaintza, euskara bultzatzea, adin guztietako eskaintza, herritik herriarentzat logika.
Balioak
Jai ereduak: herrigintza, auzolana, parekidetasuna, euskalduna.
Hezkuntzan eta sorkuntzan: euskara; talde lana, herrigintza, lankidetza; aniztasuna eta inklusibitatea; ingurune naturalaren garrantzia; hezkidetza; kultura transmititzea.
Testuinguru sozioekonomikoa
Jai ereduak: udaletxearen diru laguntzen menpekotasuna, herri eta auzoaren komunikazio urria, indibidualismoa eta integratzeko interes ezaren eragina.
Hezkuntza eta sorkuntza: udalaren diru laguntzaren baldintzapena, gazteen enplegu baldintzek eta jardun hauen antolaketak bat ez egitea.