Ikastaro berriak, otsailera begira

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 23a, 08:01

Denetariko ikastaro eta formakuntza saioak iragarri dituzte otsailerako. Honatx ekimenon berri zehatzago:

“Sex-isiltasuna apurtzeko bideak” ikastaroa 

“Maiz, sexualitate gaiari heldu nahi diogunean, gure gaztetxoak jada ez dute gurekin hitz egin nahi. Nola has gaitezke sexualitateaz hitz egiten? Zer helarazi nahi diegu? Nola komunikatu? Zer behar dute?”. Gaion inguruan jardungo du Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak otsailerako antolatu duen “Sex-isiltasuna apurtzeko bideak” ikastaro berrian. Parte hartu asmo dutenentzat antolatzaileen ohar interesgarria segidan. “Arreta jarri egunerokoan. Gertaerak, egoera zehatzak, elkarrizketak, galderak jaso ditzakezu eta ikastaroan lantzeko aukera izango dugu”, iragarri dute.

Aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera eskainiko duen ikastaroa lau helbururekin antolatu dute: sexualitatea aberasten gaituen balore bat dela ikusteko; seme-alaben, sexu-ezaugarri orokorrak ezagutzeko; heziketarako klabeak eskuratzeko (Kontzeptuak, jarrerak eta komunikazioa); hainbat kontzertu eta gai lantzea (identitate anitzak, desiraren orientazioa, erotika, errespetuzko harremanak, ardurak eta eskubideak, potentzialak versus estereotipoak, pornografia…).

12-16 urte arteko nerabe sexualitateren inguruko ikastaroa DBHko guraso eta arduradunei zuzendua egongo da. Bi saio izango dira, otsailaren 1ean eta 8an, 17:00-19:00 artean Udarregi Ikastolan. Urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bideratu ahalko da inskripzioa. Izen abizenak, telefono zenbakia eta ikastaroaren izena sexuaholku@usurbil.eus helbidera bidali emailez edo bestela, 697 919 516 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat idatzi zenbaki horretara.

Lan bertikalen inguruko formakuntza

Langabezian egon eta ikasketarik burutzen ari ez diren 21-29 urte arteko gazteei zuzendutako doako formakuntza saio hauetan izen emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 30era arte. Inskripzioak Andoaingo Urigain Etxean (La Salle etorbidea, 6) bideratu beharko dira, astelehenetik ostiralera, 09:00-15:00 artean. Argibide gehiagorako deitu 943 30 42 21 telefono zenbakira edo idatzi txertatumerkatuan@andoain.eus atarira.

Urtarrilaren 31n hasi eta ekainaren 9ra arte luzatuko da ikastaroa. 12 lagunentzako lekua egongo da, eta Beterri-Buruntzako udalerriko gazteek izango dute lehentasuna. "Lan munduan sartzeko baliagarri izango zaizkizun praktikak eta lan poltsa aktiboan sartzeko aukerak", izango ditu parte hartzaile bakoitzak. Gizarte eta lan orientazio eta integraziorako teknikak; espezialista soka bidezko sarbide tekniketan (IRATA nazioarteko ziurtagiria lortzeko aukerarekin), eta praktikak burutzeko behar diren beste hainbat prestakuntza jasoko dira. Hain zuzen, prestakuntzarekin batera, 180 orduko praktikak egin beharko dira. Txertatu Merkatuan izeneko egitasmoaren baitan antolatu da ikastaro hau. "GARAPENek, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, 2016-2018 urte bitartean egingo den proiektuaren konpromisoa hartu du. 3 urteko ekintza honetan, 3 proiektu ezberdin burutuko dira. Ekintza hau TXERTATU MERKATUAN proiektuaren baitan egin da Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez. Proiektu horren finantziaziorako funtsen %91,89 hain zuzen ere, EGF-ek eman du.

KoopFabrika, eskualdeko ekintzaileentzat

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa bat da. “Formakuntza, saretzerako laguntza eta proiektuen jarraipena eskaintzen dituen ekimena”, prentsa-ohar bidez jakinarazi digutenez. Programan parte hartzea doakoa da baina aldez aurretik eman behar da izena. Otsailaren 1ean hasiko da ikastaroa.

Kooperatzen esperientzia bi urtez jarraian egon da gure eskualdean martxan, baina aurten jauzia eman eta hiru eskualdetan eskainiko da: Beterri-Buruntzan, Debagoienan eta Oarsoaldean, tokian tokiko instituzio eta eragile lokalen inplikazioarekin.

Formazioa eta tutoretza

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, martxan diren egitasmoei bisitak egin eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen zein saretzerako.

Programan parte hartzea doakoa da baina plazak mugatuak daude. Asteotan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da, otsailaren 1ean formazioari hasiera emateko. “Horregatik dei egin nahi diegu Beterri-Buruntzan proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen ikastaroan izen ematera”, KoopFabrikakoek aditzera eman digutenez.

Proiektua Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikertegia eta Olatukoop Interkooperatibismoa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da. Bere garapenean parte hartu dute Beterri-Buruntzako udalek (tartean, Usurbilgo Udalak, Oarsoaldea eta Debagoiena garapen agentziak eta Bagara Herrigintzan kooperatibak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin).

Nori zuzendua dago?

Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak. Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

-Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnei.

-Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeei.

-Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenei.

Informazio gehiago:

koopfabrika.eus.

688 84 95 40 (Andoni Egia)

beterri-buruntza@koopfabrika.eus 

KzGunea

Urtarrilaren 31ra arte goizez zabalduko dute, 09:00-13:00 artean. Otsailaren 1etik aurrera, arratsaldez, 16:00-20:00 artean. Honatx hurrengo asteotarako iragarri dituzten ekintzak:

-Urtarrilak 30-31, 09:00-11:00 "Eusko Jaurlaritza zure mugikorrean".

-Otsailak 1-10, 16:00-18:00: "Argazki ukitua GIMP erabiliz".

-Otsailak 13-21, 16:00-18:00: "Smartphoneak eta tabletak. Lortu zure Android gailuaren etekin handiena".

-Otsailak 22-28, 16:00-18:00: "Zure lehen urratsak Informatika munduan".

Informazio gehiagorako:

943 023 684

tutor.usurbil@kzgunea.net

Kale Nagusia, 37 (urtarrilean 09:00-13:00 artean zabalik; otsailean, 16:00-20:00 artean zabalik).