Euskal Herriko 9. Mus Txapelketako kanporaketa ostiralean Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 23a, 09:25

Abian da Euskal Herriko mus jokalaririk onenak hautatzeko lehia nazionala. Euskal Herriko Mus Federazioak antolaturiko mus txapelketa abian da herriz herriko kanporaketekin. Usurbilen, ostiral honetan, hilaren 27an ospatuko da Gipuzkoako finalera sailkatzeko saioa.

Iaz 2.000 bikoteek parte hartu zuten. Dagoeneko ibilbide luzea du bederatzigarren ediziora heldu den ekimen honek. "Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion. Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa", dio Euskal Herriko Mus Federazioak.

Usurbilgo kanporaketa

Eguna: urtarrilak 27, ostirala.

Ordua: 22:00.

Tokia: Aitzaga Elkartea.

Izen ematea: bikoteko 20 euro, 21:30-22:00 artean.

Laguntzaileak: Aitzaga Elkartea, Saizar Sagardotegia (afaria 2 lagunentzat), Aginaga Sagardotegia (afaria 2 lagunentzat) eta Bruño mariskoak (mariskoa).

Hurrengo faseak

-Gipuzkoako kanporaketa: otsailaren 25ean Ibarrako herriko frontoian.

-Euskal Herriko final nazionala: martxoaren 25ean Anoetan (Gipuzkoa).

50.000 euro baino gehiago sarietan

Finalean eskura daitezkeen sariak

-Txapeldunak: Txapela, garai ikurra, 3.000€ eta nazioartera bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne).

-Txapeldun ordeak: Garai ikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera bidaia. (*Kanariar Uhartera).

-3. bikote sailkatua: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.

-4. bikote sailkatua: 500€ eta euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula.

-5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat: 250€.

-9.etik 16.era sailkaturiko bikoteentzat: 100€.

-Herrialdeko finaletan: txapelak, garai ikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...

-Parte hartzaile bakoitzarentzat: kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.

Irudia eta bideoa: Euskal Herriko Mus Federazioa.

Informazio gehiago: ehmus.eus

Antolatzailea: Euskal Herriko Mus Federazioa.