Haurrentzako 1. Xake Txapelketa, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 23a, 09:40

Urtarrilaren 29an, otsailaren 5 eta 12an jokatuko da Usurbilgo Gaztetxean 16:00-19:00 artean, 12 urtetik beherako haurrei zuzenduriko txapelketa, "non xake txapelketa jolastuko den aretoaz gain, tokia badago umeek saskibaloian edota beste edozertan jolas dezaten, jakina baita garuna astintzeaz gain, gorputza ere astindu behar dela". Hotz handia egingo balu, Udarregi Ikastolako jangelan ospatuko da gaztetxekoek prestatu duten ekimena.

"Txapelketan 20 minutu izango ditu haur bakoitzak bere partida jolasteko, eta 2 edo 3 partida jolastuko dira igandero, parte hartzaile kopuruaren arabera. Bertan antolatzen den lehen txapelketa izango denez, komenigarria da aldez aurretik abixatzea xake txapelketen arauetaz. Isiltasun osoa guztiz beharrezkoa da jolasteko, eta oso zorrotzak dira jokabide zakarrekin", ohartarazi dute.

Ekimenean parte hartzeko xake klaseetara joatea ez da ezinbestekoa izango, aldiz "guztiz beharrezkoa xakearen arauak ondo ezagutzea, sorpresa desatseginak ekidite aldera". Izen emateko eta informazio gehiago jasotzeko bideok daude:

658 997 828 (Erik)

erikjuez@gmail.com