Etxez etxeko inkestarekin abiatuko dute Zubietako energia plana

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 24a, 11:08

Argindarra beste behin zenbat garestitu den guztion ahotan dabilen egunotan, energia plan propioa garatzen hastera doa Zubieta. Etorkizunean Zubietan bertan energia berriztagarriak sortzeko dauden aukeren gaineko azterketa bideratuko dute, abiatu berri dugun urte honetan zehar. Zubietarren energia kontsumoa eta dituzten energia beharrak asetzeko zer baliabide beharko liratekeen aztertu nahi dute. Prozesu hau Zubietako Herri Batzarrak eta Lanbide Eskolak gidatuko duten arren, zubietarrak bidelagun izatea nahi dute, aurreko astean Kaxkapen egin zuten aurkezpen saioan nabarmendu zutenez. Besteak beste, ekimenak edo formazioa jasotzeko aukera izango dute.

Bolondresek, izen emateko garaia

Plan honek bi fase nagusi izango ditu; lehenbizi energia kontsumoaren inguruko azterketa egin nahi da Zubieta Kaxkoko 42 etxebizitzetan. Bizilekuokin batera, baita Zubieta erdiguneko jarduera ekonomikoetan edota hezkuntza zentroetan ere.

Ahalik eta etxe tipologia anitzenera hedatu nahi dute azterlan honen eremua. Horretarako ordea, etxe jabeen baimena behar da. Bolondresek izen emateko aukera izango dute egunotan, Zubietako Herri Batzarraren bidez. Izen ematerakoan komenigarria litzateke proiektu honen sustatzaileen esanetan, izen abizenak eta telefono zenbakia adieraztearekin batera, etxebizitza mota eta bizikekuan zenbat kide bizi diren zehaztea.

Etxera azterketa egitera joaten direnerako bestalde, fakturak eskura izatea gomendatzen dute. Fakturak aztertu, etxetresnak ikusi edota etxearen egoera aztertuko dute. Kontsumoen gaineko argibideak jasotzeko aukera ere izango da, Lanbide Eskolako eta Herri Batzarreko ordezkaritza batek egingo dituen bisita hauetan. Azterketa sakon honekin, gero ekintzak burutzean eraginkorrak izatea bilatzen dute. Ekintza plan bat garatuko dute.

AZTERKETAREN FASEAK

Lehen fasea, energia datuen bilketa:

1-42 etxebizitzetan inkesta energetikoa burutu (ordubete inguru).

2-Jarduera ekonomikoetan, energia datu bilketa eta azterketa.

Bigarren fasea, energia sorkuntzaren azterketa:

1-Errekurtso naturalak: eguzkia, ura, haizea.

2-Egurra zerrategian.

EPEAK

-Otsaila-maiatza: energia kontsumoaren gaineko azterketa.

-Maiatza-urria: energia sorkuntzaren gaineko azterketa.

-Azaroa-abendua: ekintza plana.

Azterketa bideratzen ari direnak: Lanbide Eskola, Zubietako Herri Batzarrarekin elkarlanean.