Amador Granados omenduko dute, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probaren amaieran

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 24a, 10:31

Hilaren 29an ospatuko den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probak amaiera berezia izango du; kirol ekimen honetako antolatzaileek eta Usurbilgo Udalak Amador Granados Alkorta omenduko baitute. Igande eguerdiko 12:30etan izango da, frontoian ospatuko den proba amaierako sari banaketan zehar. 

Gipuzkoarren Kirolak Saria lortu zuen

Foru Aldundiak abenduaren 14an Irungo Ficoban ospaturiko Gipuzkoako Kirol Ekitaldian, 2016. urtean zehar eremu honetan nabarmendu diren herritarrak saritu zituen. Gipuzkoarren Kirolak Saria usurbildar bati eman zioten; Amador Granados Alkortari. Bera izan zen, antolatzaileek sare sozialen bidez asteotan zabaldu duten bozkatzeko epearen baitan, babes gehien jaso zuen hautagaitza. Gipuzkoarrek emandako saria zen hain zuzen, Amadorrek jasotakoa. 1.000 euroko saria.

Udan Rioko Olinpiar eta Paraolinpiar Jokoetan parte hartu zuten 160 kirolari gipuzkoarrak omendu nahi izan zituen Foru Aldundiak. Dakizuenez, Paraolinpiar Jokoetako parte hartzaileen artean usurbildar bat izan genuen; Amador Granados Alkorta. "Brontzea eskuratu zuen pistako txirrindularitzako taldearekin bere hirugarren Paralinpiar Jokoetan, Rio de Janeiron, 50”664-ko denbora eginez", oroitzen dute ekitaldiko antolatzaileek.

Ez zen ordea jasotzen zuen lehen domina. "2008an diploma lortu zuen Pekingo Jokoetan eta Atenasekoetan, 2004. urtean, hamargarren postua lortu zuen". 

Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Amador Granadosen berri, bideotatik jaso dezakezue:

Web orria: http://amador-granados-alkorta.webnode.es//

Facebook: https://www.facebook.com/amador.granadosalkorta