Azken asteotan bezala, tenperatura baxuengatik eta izotzagatik abisu horian izango gara astearte gauerdi honetatik asteazken goizeko 10:00ak arte. "Kostaldeko zenbait lekutan baliteke izotz txikia egitea, bereziki Gipuzkoan", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Honatx egunotarako iragarpena:
Urtarrilak 24, asteartea
"Asteartearen hasieran zeruan hodei hondar batzuk izango ditugu, eta barnealdean lainoa eta lanbroa sortuko dira. Goiza aurrera joan ahala hodei guzti horiek desegiten joango dira eta arratsaldean eguzkia izango da jaun eta jabe. Hori bai, iparraldeko haizearekin jarraituko dugu. Egunaren amaieran ere zerua ia garbi egongo da eta tenperatura bat-batean asko jaitsiko da; eguna amaitzerako barnealdean izotza botako du".
Urtarrilak 25, asteazkena
"Asteazkenean zeruak hodei gutxirekin jarraituko du; gauean litekeena da goi-hodeiak ugaritzea, baina ez dute ondorio handirik ekarriko. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero; egunez ez da asko igoko tenperatura eta gauez asko jaitsiko da, barnealdeko hainbat tokitan izotza egingo du, baita kostaldeko zenbait lekutan ere. Barnealdean haizea ahul eta aldakor ibiliko da, kostaldean ekialdekoa eta biziago. Egunaren amaieran haizeak hegoaldera egingo du eta indartu egingo da".
Urtarrilak 26, osteguna
"Ostegun goizean hodeiak ugaritu egingo dira eta eguerditik aurrera zerua estalita geratuko da. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira gehienak eta ez dute ondorio handirik ekarriko hasieran, baina orduak pasa ahala gero eta trinkoagoak izango dira eta litekeena da egunaren azken orduetan euri apur bat egitea. Hegoaldeko eta hego-ekialdeko haizea indartsu ibiliko da. Hego-haizeari esker, tenperaturak gora egingo du, batez ere ipar isurialdean; hegoaldean haizearen eragina txikiagoa izango da eta egunsentian zenbait lekutan seguruenik izotza egingo du".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus