Hautatu dira, 14. Laburbiran ikusgai izango ditugun 8 filmak

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 25a, 10:02

2016an zehar euskaraz ekoitzi diren film laburren uzta ezagutzeko aukera aparta izango dugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, martxoaren 9tik apirilaren 12ra. Usurbilen martxoan izango ditugu ikusgai sortze lanok, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik Sutegin. Film laburren zirkuitu honen hamalaugarren edizio honetarako ikus-entzunezko lanak hautatu dira jada; 8 guztira. "Guztira 22 lan jaso genituen abendura bitarte. Bada, aurten 8 filmek osotuko dute euskarazko film laburren zirkuitua eta, guztira, emanaldiak 77 minutu iraungo du", berri eman du NOAUA! kide duen Euskaltzaleen Topaguneak. Honatx hautatu dituzten filmeen inguruko zehaztasunak:

 

"Azken Saskia" (Oier Fuentes)

Iraupena: 9´40´´.

Sinopsia: "Azken Saskian, Nafarroako azken saskigilearen ahotsetik, artisau-munduaren gainbeheraren arrazoiak, izateko modu hori eta kultura horren azken zertzeladak kontsumoaren gizarteak nola irentsi dituen erakusten da. Azken finean, kultura baten desagerpena kontatzen da, azken saskiaren sortze prozesuaren bidez. Jesus Mari Sein, Igantziarra da, eta bizitza osoa eman du saskiak egiten. Garai batean, 30-40 saskigiletik gora zegoen herrian. Benetako industria zen. Baina basoetan pinuak eta herrietan fabrikak etorri ziren… eta, orain, bere azken saskia eginen digu".

"Beti bezperako koplak" (Ageda Kopla Taldea)

Iraupena: 5´22´´.

Sinopsia: "Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz, Maialen Lujanbio bertsolariak genero indarkeriaren salaketa gordina egiten du. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dira, bai eta hura gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla hauek aitzaki hartuta, hogei euskal artista gaztek sortze lan kolektibo bat zuzentzen duten animazio teknika ezberdinak erabiliz".

"Ihesa" (Alejandro Díaz Castaño)

Iraupena: 15´19´´.

Sinopsia: "Maitanek Iosu senarrari goiko solairutik datorren itogin bat dagoela esaten dionean, hark igotzea erabakitzen du, arazoa bizikideei jakinaraztera. Bisitaldiak, ordea, espero ez zituen sorpresak ekarriko dizkio Iosuri".

"Elemakarrak" (Ibon Iza)

Iraupena: 4´50´´.

Sinopsia: "Natxo elebakarra da eta egunero bere hizkuntzaz zipriztintzen ditu bertako herritarrak eta inguruak, baina Irati, herrian bizi den umetxoa bustitzen ez da ausartzen. Iratik argi dauka; bere hizkuntza defendatuko du eta medikuarengana doanean ere, bere jarrera argi erakusten du, Iratik eta haren lagunak erabakia hartuta daukate".

"Jalgi" (Eki Pagoaga)

Iraupena: 11´.

Sinopsia: "Iratze sortzen da dantzarik ez duen (dantza galdu duen) herrialde zapaldu batean. Haurtzaroan misteriotsu zaizkion arrazoi batzuengatik amak etxea uzten du. Urte batzu berantago estatu zapaltzaileak bere aita erailtzen du. Iratze bakarrik gelditzen da arrotza iruditzen zaion munduan. Baina oroitzapen batek biziari lotzen du: bere amaren dantzak, bakarrik zirenekoak".

"280º" (UDA Films)

Iraupena: 2´47´´.

Sinopsia: "Gaztea da, baina argi du etorkizunean zer egin nahi duen. Sukaldean aritu nahi du; eta ikasi nahi luke, era profesionalean aritzeko. Irratiak emango dio soluzioa".

EUSPOT Lehiaketako spot onenak

Iraupena: 10´.

Sinopsia: "2012 urtean sortu zuten Aretxabaletako UdalakMondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arteman Komunikazioak. 2015ean MusicLibrary musika editoreen enpresa batu zen proiektura eta 2016az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere badu euskarazko spot lehiaketak. Sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea dira EUSPOTen helburuak. Horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute eta lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita, erantzuten diote sormen erronka horri. Aurkeztutako lanei ahalik eta hedapen handiena ematen zaie ostean. Bost edizioren ostean, lehiaketa Euskal Herri osora zabaltzeko erronkari heldu diote antolatzaileek".

"Hileta" (Kepa Sojo)

Iraupena: 19´50´´.

Sinopsia: "1925ean, herri txiki batean, bat-batean hil den Ingeren, Mikel Martikorenaren emazte gaztearen, hilbeila egiten ari dira. Herriko indar biziak bertaratu dira, baina familiako patriarka Martinek kezka bakarra dauka: Joanes bere seme ertainaren desagerpena, teologia ikasi ostean, mendian baitabil burua galduta, hildakoen berpiztea predikatzen".

Filmei buruzko zehaztasun gehiago, hemen: 2017ko Laburbira