Amarako eta Arasoko lan-egoitzetako makinariek lan uzte gehiago iragarri dituzte aste honetarako. Momentuz, astearte eta ostegunerako, hilak 24 eta 26 hurrenez hurren. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzuen ordutegia finkatu dute bi egunotarako, 06:25-8:35 artean eta 17:25-19:35 artean, Zumaia-Donostia, eta Lasarte-Oria-Hendaia artean. Honez gain, larunbaterako ere gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte 11:55-16:05 artean, Lasarte-Oria-Hendaia artean.
Gogoan izan, udazkenaz geroztik lan uzte partzialak egiten ari dira Amara eta Arasoko Euskotreneko lan-egoitzeko langileak. Zerbitzu publikoak guztiok erabiltzeko aukera izatea eskatzen ari dira, zerbitzuen maiztasuna eta kontratu finkoa duten langileen kopurua handitzea. "Uztailetik, zuzendaritzak ez du gurekin negoziatzera eseri nahi", adierazi dute langileen batzordetik. "Agian, zure babesarekin kasu gehiago egingo digute. Erabili zure eskubideak geltokietan, Eusko Jaurlaritzaren erreklamazio orriak eskatuz", diote langileek, erabiltzaileen artean asteotan banatu dituzten esku orrietan.
Informazio gehiago:
Euskotren: euskotren.eus edo @euskotrenEJGV (Twitter)
Lan uzteak egiten ari diren langileen berri: Euskotren Amarako Langileak (Facebook) edo @EuskotrenAmara (Twitter)