Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak autobus zerbitzua antolatu du otsailaren 4an, Hondarribian deitu duten erraustegiaren aurkako manifestaziora joateko. Googan izan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Txingudi Bizirik plataformak antolatu duten mobilizazioa, hilaren 4an egingo da, larunbatez. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da Butroi pasealeku amaieratik, "Errausketarik ez Txingudin, ez Zubietan" aldarripean. Ordubete lehenago, 11:30etan abiatuko da autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegi ataritik. Itzulera, manifestazioa bukatu eta berehala, 13:30-14:00 inguruan. Autobus zerbitzu honetan izena aurrez eman beharko da, Txiriboga eta Aitzaga tabernetan.
Lizitazioa suspentsoan
GuraSOSek urtarrilaren 5ean, Donostiako epaitegi atarian adierazi bezala, erraustegiaren lizitazioa suspentsoan dago, EAEko Auzitegi Nagusiak guraso taldeak aurkeztua duen errekurtso bat ebatzi arte. Prozesu honek gutxienez hilabete atzerarazi dezake erraustegiaren lizitazioa, Foru Aldundiaren esanetan.
"Hitz egin behar dugu"
Honakoa gipuzkoarrontzako albiste oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen guraso taldeak, hilaren 5ean. "Oso pozik gaude, justiziak garbi utzi duelako, herriaren gainetik, justiziaren gainetik ezin daitezkeela gauzak egin. Inolaz ere, gauzak egitekotan herri honetan, herritarrekin kontatu beharko da, justizia aintzakotzat hartu beharko da", adierazi zuen GuraSOS elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak.
Azken asteotako gertakariekin herritarrak agintariekiko konfiantza galtzen ari zirela adierazi zuten. "Eta berriro ere konfiantza hori berreskuratzeko ahalegin handi bat egin beharko dugu", nabarmendu. Konfiantza hori berreskuratzeko, GuraSOSen aldarri izan diren elkarrizketa eta adostasunaren bide horretara itzultzeko deia egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta hurrengo bilera, epaitegietan ez, Aldundian bertan izatea eskatu zuten. Herritarrei entzun egin behar zaiela gogorarazi zuten, prozesu parte hartzaile bat martxan jarri eta "gure seme alaben osasuna gehien bermatuko duen kudeaketa posible egin behar dugu".
“Abenduaren 27an ez zen lizitaziorik izan”
Abenduaren 27an ez zen erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua esleitu, esleipen hau gauzatu aurretik egin beharreko tramite bat baino ez zuen onartu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), GuraSOSek jakitera eman duenez.
Dossier bat plazaratu du guraso taldeak. Bertan, erraustegiaren proiektu honi loturiko irregulartasunak agerian uzten ditu. Ondorio argi batera heldu da GuraSOS. "Proiektu hau guztiz bideraezina da eta ez da gauzatuko", ohartarazi dute.