Korrika Batzordea, otsailaren 9an bilduko da estreinakoz

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 25a, 10:17

Otsailaren 9an 19:30etan Etumeta AEK euskaltegian finkatu dute bilerarako hitzordua. Deialdia norbanako nahiz eragileei zuzendua dago. Helburua, euskararen aldeko lasterketa heldu aurretik herriz herri antolatuko den Korrika Kulturalean parte hartu eta horretarako ekimenak, ideiak proposatzeko aukera egongo da. Korrika Kulturala hain zuzen, asteazken honetan bertan aurkeztu dute Gasteizko Europa Jauregian. Arabako hiriburuan bertan abiatuko baita otsailaren 9an. Korrika Kulturaleko agenda osoa eta 20. Korrika uneoro non dagoen jakiteko, informazio hau guztia bilduko duen mugikorretarako aplikazioa ere aurkeztu dute, otsailaren 11n Irungo Ficoban ospatuko den Korrikaren urtemuga-festara gonbidatzearekin batera. Izen ematea korrika.eus atariaren bidez bideratu daiteke.

Korrika Kulturaleko eskaintza

Ikuskizunak, bertso saioak... Denetariko ekitaldiak aurreikusi dituzte herriz herri, otsailaren 9an abiatuko den Korrika Kulturalaren baitan:

-Kepa Junkera eta Sorginak: "Maletak".

-Pirritx, Porrotx eta Marimotots: "Tipi-tapa Korrika".

-Tartean teatro: "Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa".

-Bertsoak eta bakarrizketak: "Erradikalak gara" (Beatriz Egizabal (antzerkilari/ipuin kontalaria) eta Ane Labaka (bertsolaria).

-Ikuskizuna: "Oskara plazara".

-Bertso Korrika 2017.

Korrika Kulturaleko eskaintzaren inguruko informazio gehiago: 20.Korrika Kulturaleko eskaintza

Laguntzaileek, %10eko beherapena Korrika Kulturalean

Euskararen aldeko lasterketa gu guztion laguntzaren beharrean da. 20. Korrikaren materiala salgai dute jada Etumeta AEK euskaltegian; sudaderak, kamisetak, lepokoak, agendak, giltzarriak… Astelehenetik ostiralera, 09:00-12:00 artean edo 16:00-19:30 artean gerturatzen bazarete eskura dezakezue materiala. Ez ahaztu bestalde euskaltegira gerturatuta, Korrika Laguntzaile izan gaitezkeela. 12 euroren truke, Korrika Laguntzailearen pina, urtarriletik aurrera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika laguntzaile txartela eta txartela onartuko duten komertzioen zerrenda dakarren katalogoa jasoko duzue. Gainera Korrika Kulturaleko ekitaldietarako sarrerak ere %10 merkeago eskuratu ahalko dituzue.

Apirilaren 4an, 23:39an

AIZU AEKren aldizkariak aurreratu zuen, udaberri honetan ospatuko den 20. Korrikaren ibilbidea. Gogoan izan, euskararen aldeko lasterketa martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, "Batzuk" aldarripean.

Hilabeteotan, ezagutu dugu zer nolako itxura izango duen Korrikaren materialak, "Zirkorrika" abestia ere aurkeztu dute (ondoko bideoan duzue), Korrikaren mezua eta omenduak nortzuk izango diren ere bai... Ibilbide osoa ere plazaratu dute antolatzaileek. Egunez egun, minutuz minutu, nondik eta noiz igaroko den 20. Korrika. Euskal Herria alderik alde, herriz herri zeharkatuko duen lasterketa apirilaren 4an, asteartearekin helduko da Usurbila. Oraingoan gauez; 23:39an. Lasarte-Oriatik (22:41) barrena sartuko da martxa Zubietara, handik Usurbila etorriko da. Eta gero, Aginagatik barrena Oriorako (00:42) bidea hartuko du. 

Honatx ibilbide osoa: 20. Korrika, ibilbidea

20. Korrikako mezua eta omenduak

Informazio gehiago: korrika.eus