Olatz Lasagabasterren izebaren eskutitza

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 27a, 07:20

Hilaren 19an Xua jaio zen Valentzian, preso dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarren alaba. "Dena ondo joan da", berri eman zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak ohar bidez. Egun benetan zailak izaten ari dira ordea, dispertsioak gogor kolpatu baititu. Olatz Valentziako Picassent espetxean dago, Patxi Alacantekoan. Aitak oraindik ez du alaba jaio berria ikusteko aukerarik izan. Honez gain, Xua jaio zen egun berean, Patxik ehunka kilometrotara, Orioko aitona galdu zuen. 

Hau guztia gutxi ez eta, haiek bisitatzera joan zen Mari Carmen Anza, Olatzen ama hilaren 20an Valentzian ospitaleratu behar izan zuten osasun egoera larrian. Olatzen espetxean gainera, Sara Majarenas euskal preso donostiarra dago. Gogoan izan bi urteko alaba larriki zauritu ziola bere aitak duela bi aste. "Olatz Picassenteko espetxean, amen moduloan zegoen abenduaren 18tik eta azken egunak oso gogorrak izan dira Sara Majarenasen alaba Izarri gertatutako jazoera tamalgarriaren ondorioz", adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. 

Dispertsioa amaitzeko arrazoiak soberan daude begi bistan denez. Horretarako deitua du elkarretaratzea hilero moduan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, ostiral honetarako, urtarrilak 27, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. 

Mobilizazioaren bezpera honetan, eskutitz gogor eta hunkigarria argitaratu du Gara egunkariak. Arantza Anza, Olatz Lasagabasterren izebarena eskutitza hain zuzen. Oso argi adierazten du bizitzen ari diren injustizia. Hemen duzue osorik, euskaratua:

Gizatasuna guztiaren gainetik

Kaixo denoi, 

Eskerrik asko zuen laguntzagatik. Denok galdetzen didazue zerbait behar ote dudan, etengabe jasotzen ditut babes mezu eta deiak. Atzo (asteartea) 21:15ean afaltzen amaitzeko 15 minutuz telefonoa deskonektatu nuen, egin behar ez dudana ospitaletik deitzen badidate. Dei batek esnatuko ninduen beldurrez oheratu nintzen, baina nire hausnarketek esnatu naute.

Uneotan benetan behar dudana eta nirekin egitea eskatzen dizuedana, inoiz baino ozenago, "Dispertsiorik ez! Euskal presoak etxera!" oihukatzea da.

Dispertsioagatik izan ez balitz, Olatz, Patxi eta Xua (hilaren 19an jaio zen Valentzian), Euskal Herrian egongo ziren, nire ahizpa Mari Carmen eta ni baita, nere anaiak eta ilobak bisitatu ahalko lituzkete, baina 600 kilometrotara gaude.

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet, nire ahizpari (Valentziako ospitalean egoera larrian ospitaleratua hilaren 20an) bizitzako une zailetan behar izaten den berotasuna eman dieten eta ematen jarraitzen duzuen guztioi. Modu berezian, ia 8 urteotan laguntzeari utzi ez diezuen usurbildar guztioi. Tortilla batzuk enkargatzea pentsatua nuen eta Xuaren jaiotza ospatu zuekin ostiral honetan, baina Mari Carmen ondo jarri arte itxaron beharko dugu. Hala izan dadin ahal dudan guztia egingo baitut. Ezagutzen nauzuenok badakizue nolakoa naizen, beti egiaren eta injustizien aurka borrokan. Horrek sufriarazi dit askotan baina barrurako bakea eman dit.

Sara eta Izarren aldeko aurreko larunbateko Donostiako Udal atariko elkarretaratzearen ostean, alkatearengana joan nintzen. Han zen zinegotziekin; besoa hartu nion, begietara begiratu eta galdetu nion: "Zerbait egingo duzue orain?". Zer esan ez zekiela geratu zen, ez bainau ezertaz ezagutzen eta zera erantzun zidan: "Zerbait zer?". Eta esan nion: "Sarak zigorraren hiru laurdenak bete ditu eta legez etxean egon behar luke. Nire ilobarekin dago Valentzian eta shock egoeran daude". Zera erantzun zidan: "Espetxeen Erakundeei idaztea pentsatzen dut, kasu guztietan hemen egon behar bailukete baina hori ez dago gure eskuetan". Eta nik hauxe erantzun nion: "Zuen esku zegoen larunbateko manifestaziora joatea eta ez zineten joan. Zatitzen segitzeari uzteko ordua da. Lehen denok batera joaten ginen eta orain alderdi bakoitza bere aldetik. Batzeko ordua da, gizatasuna guztiaren gainetik baitago". Joan egin nintzen.

Neure buruari galdetzen diot bereziki egunotan, non gorde dugu gure belaunaldikoek mundu hobe bat izateko gogo hura? Gehienak eroso eta alfertuak gaude, mundu injustu honetan, gertukoenak ditugun arazoen aurrean bestaldera begira, zer esan urrutiko gerren eta pertsonen esplotazioaren aurrean. Gure senitarteko askok gerra eta jazarpenetik ihes egin behar izan zutela ahaztu zaigu.

Ez dut halako mundurik nahi Xuarentzat eta bere belaunaldikoentzat. Altxatzeko ahotsa badugu eta mundua maneiatzen duten lau horiei gerrarik eta injustiziarik ez dugula nahi exijitzeko. Xuak ez du merezi pertsona batzuen gorrotoak oraindik bere aitak (Alakanten dago preso) bera ikustea eta bere besoetan izatea eragoztea. Benetan penagarriak dira, bizitza gorrotoan eta besteak mintzean oinarritzen duten pertsona horiek.

Bostok zuekin batera Euskal Herrian egotea espero dut. Bitartean, agur bero bat denoi Valentziatik eta eskerrik asko!".

Arantza Anza, Picassenten preso dagoen Olatz Lasagabasterren izeba

Oharra: eskutitza, Gara egunkariak argitaratu du. 

Irudia: artxibokoa.