Valdemingomezeko erraustegia ixtea eskatzeko 4.516 sinadura bildu dituzte

Noaua Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 26a

Azken orduotan sare sozialen bidez zabaldu dituzten Valdemingomezeko (Madril) erraustegiak isuritako ke beltz toxikoa duzue ondoko irudietan. Erraustegi hura ixtea eskatu izan dute sarritan hango herritarrek. Ezaguna zaigu bertan bizi duten errealitatea, aurreko udaberrian gure artean bisitan izan genuen Clara Peralesi esker.

Hedabideek zabaldu dutenez, erraustegi hura ixteko 4.516 sinadura bildu ditu Clara ere kide duen Rivas Aire Limpio eta Aire Limpio-Residuos Cero Madrid plataformek. Bildutako atxikimenduak hilaren 20an erregistratu zituzten Madrilgo udaletxean eta Madrilgo Erkidegoko gobernuan. Erraustegia ixtea eskatzen dute, osasunerako kaltegarria delako. Plataformaren helburua, erraustegiaren eraginez Madril hegoekialdeko airea kutsatua egotea saihestea da. Horren erakusle hain zuzen, Twitterreko erabiltzaile batek azken orduotan zabaldu dituen beheko irudiak. 

Urteak daramatzate erraustegiak herritarren osasunean duen eragina ezagutzeko azterketak egitea eskatzen. Erraustegiak inguruko udalerrietako bizilagunen artean, batez ere Rivasen, Vallecasen, Santa Eugenian eta Moratalazen eman den minbizi kasuen gorakadan eragin duela ziur dira.

Clara Peralesen lekukotza hunkigarria

Bizi duen errealitatearen berri eman zigun aurreko udaberrian Rivas Aire Limpio plataformako kide Clara Peralesek aurreko udaberrian. Goiko irudian duzue, "erraustegiak=minbizia" dioen pankartaren atzean. Maiatza amaieran gure artean izan genuen; GuraSOSek Oronan antolaturiko jardunaldietan parte hartu zuen, Usurbilgo Udalak harrera egin zion eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolatu zuen giza-katearen amaierako ekitaldian parte hartu zuen. Esteka hauetan duzue, egun haietan bizi izan genuenaren berri:

Clara Perales Donostian, 2016ko maiatzaren 29ko erraustegiaren aurkako giza-katean

Usurbilgo Udalera egin zuen bisita

GuraSOSen jardunaldietan

Irudiak: Rivas Actual hedabidetik eta Twitterretik hartuak.