Usurbilgo Udalak helarazi digu, urtarrilari dagokion osoko ohiko bilkuran udal ordezkariek jorratuko duten gai zerrenda; oraingoan, zazpi puntukoa. Bada nabarmentzeko gai bat; Olatz Lasagabaster herriko euskal presoaren Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa aurkeztu eta bozkatuko dute udal ordezkariek.
Gogoan izan, Picassenten (Valentzian) espetxeratua dago Olatz. Bikotelaguna, Patxi Uranga aldiz Alacanten. Xua alaba jaio zen hilaren 19an. Dispertsioaren eragina modu latzean ari dira pairatzen. Aitak oraindik ez du haurra ikusterik izan. Hori gutxi ez eta, Olatzen amak ehunka kilometrotako bidaia egin ostean, gaixotu eta egoera larrian ospitaleratu zuten hilaren 20an. Xua jaio zen egunean ere, Patxik ehunka kilometroetara zuen Orioko aitona galdu zuen. Eta hor dago, Olatzek berriki espetxe berean preso dagoen Sara Majarenas euskal presoarekin bizitzen ari dena ere. Majarenasen bi urteko alaba labankadaz larri zauritu zuen bere aitak duela bi aste.
Aipatu moduan, Olatz Lasagabasterren Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa aurkeztuko eta bozkatuko du udalbatzak, hurrengo astearterako deitua dagoen osoko bilkuran:
Osoko ohiko bilkura
Eguna: urtarrilak 31, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:
* 2016/10/25eko bilkura.
* 2016/11/29ko bilkura.
* 2016/12/20ko bilkura.
2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko abenduaren 5etik 2017ko urtarrilaren 20ra (2016/1173-2017/0063).
3.- A-107 Iarza eremuko 107.11 exekuzio unitatean kokatutako herri bidearen trazatu berriaren aldaketa gauzatu ahal izateko jaregitea eta trukaketa. Behin betiko onespena.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Jasangarritasunarekiko konpromisoa berritzeko akordioa: “Udalsarea 21, jasangarritasunerako udalerrien euskal sarea”.
5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntuala. Behin behingo onespena.
6.-Olatz Lasagabasterren egoera salatzeko eta Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa.
7.- Galdera-eskaerak.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.