Ostegun arratsaldeko 18:00etatik ostiral goizeko 09:00ak arte abisu horian izango gara haizeagatik. "Hego-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren tokietan Gipuzkoan eta Araban 00etatik 09etara, haizeguneak ez diren lekuetan hego-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean non uneren batean 90 km/h-ko abiadura ere gaindi dezaketen", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Honatx egunotarako iragarpena:
Urtarrilak 26, osteguna
"Goizean goiz hotz egingo du eta zerua hodei gutxirekin agertuko da; hala ere, baliteke Ebro ibarrean lainoa sortzea eta egun osoa lainopean pasatzea. Eguerdian hodeiak ugaritu egingo dira eta arratsalde-gau partean zerua hodeitsu egongo da; gauean han-hemenka euria egingo du. Hegoaldeko eta hego-ekialdeko haizea gero eta zakarragoa izango da eta gauean bolada oso gogorrak espero dira. Gauzak horrela, kantauri isurialdean tenperatura maximoek gora egingo dute. Barnealdean hego-haizearen eragina tenperaturan ez da handia izango eta horrez gain hotz-sentsazioa areagotu egingo du".
Urtarrilak 27, ostirala
"Ostiralean zerua hodeitsu egongo da, noizbehinka ostarteak zabaldu daitezkeen arren. Egunaren lehenengo partean hodeitza ez da trinkoa izango, baina, hala ere egin dezake euri pixka bat. Arratsaldetik aurrera, ordea, hodei ilunagoak agertuko dira eta arratsaldearen amaieran eta gauean euria egingo du. Hego-haizea ibiliko da, goizaldean eta goizean goiz indartsu; orduak pasa ahala indarra galdu egingo du eta arratsaldean mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin kostaldean. Tenperatura minimoak igo egingo dira eta ez du izotzik botako; tenperatura maximoak ere gradu pare bat igo daitezke".
Urtarrilak 28, larunbata
"Goizaldean euri pixka bat egin dezake, batez ere ekialdeko eskualdeetan, baina goizean atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Arratsaldetik aurrera hodeiak ugaritu egingo dira berriro, baina egunaren bigarren partean ateri eutsiko dio. Egunaren hasieran mendebaldeko haize ahula ibiliko da, gero hegoaldera aldatu eta indartu egingo da. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira eta hegoaldeko zenbait tokitan izotza egingo du. Tenperatura maximoak gradu pare bat jaitsiko dira eta giroa freskoa izango da".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus