Olatz Lasagabaster eta senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu du Etxeratek. Ohar bidez aditzera eman duenez, "preso politiko eta senide eta lagunen aurkako presioa areagotzeko tresna bezala erabiltzen duten salbuespeneko kartzela politikak, kasu honetan, Olatz Lasagabaster eta bere senitartekoengan duen eragina eta sufrimendua salatu nahi dugu ozen".
Salaketa arrazoi ezberdinengatik egin du. Hasteko, Olatzen amak bizi duen egoeragatik. Valentziako Picassent espetxean duen alaba eta jaio berri den biloba bisitatzera joan zen Mari Carmen Anza, eta urtarrilaren 20az geroztik ospitaleratua dago. "Ama izan berri den Olatz alaba bisitatzeko asmoz abiatu zen Valentziara Mari Carmen. Olatz erditu berri ospitaleratua zegoela, Mari Carmen bisita egiten ari zenean gaizki sentitu eta ospitaleratu egin zuten jarraian, biriketako mina dela eta. Egoera larria izanik ere, hobera egin du azken orduotan", ohartarazi du Etxeratek.
Zigor erantsia
Une honetan, alaba eta biloba bezala, sorterritik 600 kilometrotara dago Mari Carmen ospitaleratua. Behartuta egin behar izan duen bidaia luze baten ondorioz. "Bere alaba bisitatzera eta iloba ezagutzera abiatu zen, errepidea elurrez beteta zegoelarik, oso bidai korapilatsua eginez. Orain, Mari Carmen ospitalean dagoela, berarekin egoteko eta medikuekin hitz egiteko, senideek, berriro ere, urruntasunak ondorioztatzen dituen zailtasunak gainditu beharko dituzte", adierazi du Etxeratek.
Salbuespenezko kartzela politikaren isla argia da hau guztia, Etxeraten iritziz. "Preso politiko eta senide eta lagunen aurkako presioa areagotzeko tresna bezala erabiltzen duten salbuespeneko kartzela politikak, kasu honetan, Olatz Lasagabaster eta bere senitartekoengan duen eragina eta sufrimendua salatu nahi dugu ozen. Bere etxetik 600 kilometrotara dago Olatz, eta alaba, bere inguru afektibo eta familiarretik urrun izango da. Preso dagoen haurraren aitak oraindik ez du alaba ezagutzen", salatu du Etxeratek.
Hau guztia ez da Olatz Lasagabasterren espetxeratzearen ondorio Etxeraten esanetan, "kartzela politikak euskal preso politiko eta haien senide eta lagunen kalterako, zigor erantsi gisa aplikatzen duen presoen urruntasunaren eraginarengatik baizik. Eta horren ardura zuzena, Espainiar Gobernuari dagokio".
Deialdiak
Adi, Olatz Lasagabaster eta senideak bizitzen ari diren egoera dela eta, datozen deialdi hauei. Batetik, mobilizazio berezia egingo da ostiral iluntze honetan 20:00etan frontoian. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak berri eman duenez, "hileko azken ostiraleko elkarretaratzean presoen sakabanaketaren salaketa berezia egingo da Usurbilen egunotan Olatz Lasagabaster presoak eta bere senideak era zuzenean pairatzen ari baitira Paris eta Madrilen espetxe politika gizagabearen ondorioak. Izan ere, bere ama Mari Karmen Valentzian ospitaleratu behar izan zuten joan den larunbatean alaba eta biloba jaio berria bisitatzera joan zelarik larriki gaixotu ostean.
Elkarretaratzean parte hartuko duten herritarrek animoak eta elkartasun mezuak idazteko aukera izango dute bai Olatzi zein bere amari eta haurraren aita Patxi Urangari. Bera ere espetxean dago (Foncalent) eta oraindik ez dute alaba ezagutzera eraman. Xede berarekin talde-argazkiak ere egingo dira (preso ohi, presoen senideak, gazteak, beren belaunaldiko gurasoak, amonak…).
Bestalde, Usurbilgo EH Bilduk aurkeztuta, mozio bat aztertuko da datorren astearteko udal plenoan (18.00). Bertan, bi presoen familiari elkartasuna ekarri eta biek ala biek lehenbailehen Euskal Herriratzea eskatuko da".
Urtarrilak 27, ostirala
20:00 Mobilizazio berezia Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
Urtarrilak 31, asteartea
18:00 Osoko ohiko bilkura Usurbilgo Udalaren udalbatza aretoan. Olatz Lasagabaster Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa aurkeztu eta bozkatuko da.