Gidabaimena euskaraz ateratzeak 400 euroko saria du Buruntzaldean

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 27a, 12:20

Buruntzaldean gidabaimena euskaraz ateratzeak saria dakar. Sari potoloa, 400 eurokoa, zati teorikoaren gastuei aurre egiteko ezinhobeto datorren laguntza. Laguntza hau Buruntzaldeko Udaletako euskara zerbitzuek ematen dute. 2010az geroztik, eremu hau ere euskalduntzen dihardute eskualdeko autoeskolekin elkarlanean. Argi dute, orain arte jorratu duten bide honetan sakontzen segi beharra dago. Apustua ostiral honetan bertan, Urnietako Lekaio kultur etxean egin duten ekitaldian berretsi dute.

Azken bi urteotan beherakada izan dela diote, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz atera duten eskualdeko ikasle kopuruan. Iaz 95 izan ziren, 2014an 140. Horren atzean arrazoi ezberdinak daudela uste dute; batetik autoeskola bat gutxiago dagoela egun eskualdean. Gazteen egoera ekonomikoa ere aintzakotzat hartu behar dela diote. Baita, merkeagoa izanik, geroz eta gazte gehiago direla gidabaimena online bidez ateratzen dutenak erdaraz, euskaraz egiteko aukerarik ez baita. "Bide hori ere jorratzen joan beharko dugu", adierazi dute Buruntzaldeko udal ordezkariek.  

Halere, oso baikor baloratzen dute egitasmo hau eta emaitza onak dituela ikusita, eragiten segi beharra dagoela diote. Hamaika arrazoi baitaude proiektu honen sustatzaileen esanetan. Batetik, autoeskolek egiten duten ahalegina babesten segitzeko beharra ikusten dute. Gogoan izan, Buruntzaldeko autoeskola guztiek parte hartzen dute egitasmo honetan. Bestalde, gazteek ikasketak euskaraz egin ditzaketenez, garrantzitsua iruditzen zaie gidabaimena ere hizkuntza berean eskuratu ahal izatea, "gazteentzako balore garrantzitsua da". Eta laguntza ezinhobea da urtero, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu dutenen artean, gastuei aurre egiteko banatzen duten dirutza. 2016an zehar gidabaimena zati teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu zutenen artean 400 euroko 10 sari zozketatu dituzte ostiral honetan egin duten ekitaldian. Udalerri bakoitzean dagoen autoeskola adina sari, 4.000 euro banatu dituzte guztira. Albiste honetan beherago duzue sarituen zerrenda. Naroa Alustiza izan da Usurbilgo saritua.

2017an segida emango diote kanpainari. Informazioa eskuragarri izango duzue buruntzaldea.eus atarian. Honez gain, eskualdeko hedabideok gai honi buruzko publierreportaje zabala landuko dugu urte honetan zehar. 

400 euroko 10 sari 

Andoain: Ainara Paredes (Mendi) eta Xabier Ibarguren (Bengoetxea).

Astigarraga: Aritz Lopez (Otamendi).

Hernani: Lide Redondo (Hernani), Andoni Saizar (Otamendi) eta Leire Sevillano (Otamendi).

Lasarte-Oria: Leire Tejedor (Mugika) eta Maider Zuriarrain (Mugika).

Urnieta: Beñat Lizaso (Solozabal).

Usurbil: Naroa Alustiza (Solozabal).

Buruntzaldeko 10 autoeskolak parte hartzen

Andoain: Bengoetxea eta Mendi.

Hernani: Hernani, Lagunak eta Otamendi.

Lasarte-Oria: Izarra, Lasarte eta Mujika.

Urnieta: Solozabal.

Usurbil: Solozabal.

Buruntzaldean gidabaimena euskaraz atera dutenen bilakaera

UrteaKopurua
201034
201160
2012112
2013135
2014140
2015113
201695

Egitasmoaren sustatzaileak: Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuak eta eskualdeko autoeskolak.