Olatz eta Patxiren euskal herriratzea eskatuko dute, astearteko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 30a, 04:00

Astearte honetarako, urtarrilak 31, osoko ohiko bilkura deitua du Usurbilgo Udalak. Bestelako gaien artean, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak euskal herriratzea eskatu eta haien senideei elkartasuna adierazten dien mozioa aurkeztuko du Usurbilgo EHBilduk.

Besarkadak eta animu mezuak, azken ostiraleko elkarretaratzean

Hilero moduan mobilizatu ziren hilaren 27an, nahiz pasa den ostiraleko deialdia ezohikoa izan. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Mikel Laboa plazan antolaturiko elkarretaratzean Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu eta elkartasuna adierazi zien Usurbilgo herriak. Gogoan izan, Mari Karmen, Olatzen ama, Valentziara Xua biloba jaioberria ezagutzera joan eta gaizki sentitu ostean, han ospitaleratu zutela eta hala segitzen duela egun. Patxi Alacanteko espetxean da eta oraindik ez du alaba ezagutzeko aukerarik izan. Denak etxetik ehunka kilometrotara daude, oraindik orain estatu espainiar eta frantziarrak aplikatzen segitzen duten salbuespenezko espetxe politiken eraginez. "Ozen salatu nahi dugu, Madrilek eta Parisek daramaten mendekuzko espetxe politika. Presoak ez ezik, haien senideak zigortzea helburu duena. Bide batez, Olatz, Patxi eta beren senideei gure animo indartsuenak helaraziko dizkiegu, eta nola ez, gorabahera gogor hauen gainetik Xuari ongi etorria emango diogu", adierazi zuten elkarretaratzean zehar Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Aurreko ostiraleko mobilizazioan zehar, eskutitzak idazteko aukera izan zen, animu eta elkartasun mezuak helaraztekoa bai idatziz baita irudi bidez ere. Gazteak, helduak, preso ohiak, presoen senideak, gurasoak, haurrak, Usurbilgo herriak berak... Denek babes eta elkartasun mezua igorri nahi izan zieten, gugandik 600 kilometrotara diren Olatz, Patxi, Xua, Mari Karmen eta haien senide eta lagunei.

Eskutitz latz eta hunkigarria

Olatz eta Patxiren familiek egunotan bizi dutena ondo baino hobeto deskribatu du bestalde, Arantza Anzak, Olatz Lasagabasterren izebak egunotan GARA egunkarirako idatzitako gutunean.