Soldadu baten gorpuzkiak azaleratu dituzte Txaldatxurren

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 28a, 18:05

Islada Ezkutatuak, Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldea urteotan egiten ari den lan itzelaren lekuko zuzenak izan gara larunbat goiz honetan. Hedabideak edota erakundeetako ordezkariak bildu dituzte Zubieta gainean, Txaldatxurren. Duela bi aste taldeak Lasarte-Orioan egin zuen agerraldian, inguru honetan eginiko gerra garaiko azken aurkikuntzak aurkeztu zituzten; larruzko funda bat gorputzari lotzekoarekin eta guzti, marka ezagun bateko metxeroa, Ingalaterran ekoitzitako txilibitua, garai hartako pistola indartsu bat eta proiektilak aurkitu zituzten... Baita ustez gorpuzkiak izan zitezkeenak ere. Gorpuzkiok aurkitu bezain laster, lanak eten eta honen berri eman zitten Lasarte-Oriako Udalari eta Foru Aldundiari. Aranzaditik ere dei bat jaso zuten, gorpuzkinak altxatzera joango zirela iragarriz.

Larunbat goiz honetan bildu dira guztiak Txaldatxurren; Usurbil, Donostia eta Lasarte-Oriako udal ordezkariak, Xabier Arregi eta Eneko Goia alkateak artean; Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria edota Aintzane Ezenarro, Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria. Goiz osoa eman du Islada Ezkutatuak taldekoekin batera, Paco Etxeberria buru zuen Aranzadi zientzia elkarteko ordezkaritza bat Txaldatxurreko lur azpiak ezkutatzen duena azaleratzen. Islada Ezkutatuak taldeak, urteak daramatza, lekukoak eta gerra garaiko informazioa biltzeaz gain, larunbat goizero Txaldatxurrera igotzen. 

Haiei esker dakigu pixkanaka azaleratzen ari eta 1936an Txaldatxurren jazotakoaren berri. Itxuraz urte  gerra hartako soldatu batenak izan daitezkeen gorpuzkiak desobiratu dituzte gaur. Azken aldian egin dituzten aurkikuntzen inguruko zehaztasunen berri eman die Islada Ezkutatuak taldeak, Txaldatxurren bildu direnei. Ondoko bideoan dituzue taldearen eta vrakundeetako ordezkariek egin dituzten adierazpenak.

Erakundeeko ordezkarien azalpenak

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea 

"Oso gertu bizi gara hemendik eta guretzat paraje honek balore handia du. Gu hemen, mendi hauetan asko ibilitakoak gara. Egun batetik bestera gure gurasoei entzun izan diegu hemen bazela halako borroka gune bat. Nik uste lozorro horretatik edo iragan ezkutu horretatik, talde honek, Islada Ezkutatuak egin duen lana benetan eskertzekoa da. Eskertzen dizuet, elkartzea, antolatzea, lan honi ekitea, lana hain serio egitea, eta guretzat, hemen inguruan bizi garenontzat Txaldatxurrek hartu du lehen ez zuen balorea. Animo lan honetan, ez etsi, jarraitu gogor eta ia lortzen dugun halako batean, hemen ezkutatua dagoen informazio eta aberastasun hori guztia azaleratzea".

Aintzane Ezenarro, Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria

"Euskal gizarte osoak dugu betebehar eta konpromiso bat, baita Eusko Jaurlaritzak ere, askatasuna eta demokraziaren alde borrokatu zutenen memoria demokratikoa behar duen lekuan gordetzeko. Gaurko jarduera hau beste urrats bat da, ahazturatik memoriara ekartzeko eta dagokien duintasuna berreskuratzeko. Aurrera begira ere bide hau izan behar du, azken batean helburu berdina dugulako, pertsona hauei beraien duintasuna bueltatzea, eta Euskal Herriko memoria demokratikoan zor zaien lekua eta merezimendua ematea".

Eneko Goia, Donostiako alkatea

"Garrantzitsua, gure historia eta iragana ezagutzeko eta gure hiritarren duintasuna berreskuratzeko. Herri bezala egin behar dugun lana da. Erakundeetako ordezkariontzat gure obligazioa da hemen egotea. Gure konpromisoa adieraztea, memoria berreskuratzearen eta gure hiritarren duintasuna berreskuratzearen alde. Hau da horren adierazleetako bat. Eskertu hau dena posible egiten duzuenon parte hartzea, lanean jarduten zareten pertsona, erakunde, elkarteen lana. Lan bikaina egiten duzue. Konpromiso handia erakusten duzue. Harro egoteko moduko lana egiten duzue eta hori eskertu egin nahi dut". 

Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria

"Konturatzen gara hemen pertsona hauen guztien gainetik, istorio pertsonal, sentimentu asko dagoela eta oso garrantzitsua da hori azaleratzea, azkenean historia txiki horiek guztiek egiten dute gure memoria. Oso garrantzitsua da duintasun eta historia hori islatzea. Oso lan ona egiten ari zarete Aranzadi eta memoria azaleratzeko lanean dabilen jende guztia".