Ibilbide oparoa izan du kirolari gisa, mundu mailako onenen artean lehiatu da eta sari mordoa irabazi ditu. Azkena, gogoan izango duzuenez, irailean Rion (Brasil) ospatu ziren Paraolinpiar Jokoetan; brontzezko domina irabazi zuen. Usurbilgo Udalak eta igande goizean ospaturiko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen kirol probako antolatzaileek, Amador Granados Alkorta omendu zuten eguerdian. Jose Luis Zumetaren sortze lan bat, Irisasi BTT taldekoen mailota, eta aurreskua dantzatu zuten dantzarien lore sorta ederra jaso zituen usurbildarrak.
Merezitako goraipemenekin batera noski. Batetik, bere ibilbidea oso gertutik ezagutu duen Goio Martin herritarraren hitzak entzun genituen, baita Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregirenak. "Amador, eskerrik asko Usurbil munduko mapan erakusteagatik eta eskerrik asko gu guztioi hain etsenplu ona emateagatik", adierazi zion.
Amadorren ibilbidea nabarmendu nahi izan zuen. "Amadorren kasuan iruditzen zaigu garaipenak bezainbesteko balorea duela hona iristeko egindako ibilbideak. Ibilbide luzea, gogorra", zioen Arregik. Gaineratzen zuenez, "bere ibilbidea goraipatu nahi izan dugu, bere grina, ekimena, zailtasunei aurre egiteko adorea, etengabeko superazioa. Badakizue Usurbil inklusibitatearen herria dela, eta iruditzen zaigu Amadorren ibilbideak ezinhobeto jasotzen duela inklusibitatearen balioa". Txikitan futbolari izan nahi zuen Amadorrek, baina ebakuntza-gela artean bizitzea tokatu zitzaion. Azkenean txirrindulari izaten amaitu du, "munduko erreferentzia izateraino".
Aldiz, ordura arte jorratu duen bidea ez da izan ibilbide erraza. "Inork ez dio ezer oparitu", gogorarazi zuen Goio Martinek. Gogor borrokatu behar izan zuen, sarritan laguntza falta izanik ere. Baina halere, palmares bikaina osatu du. Emaitza bikain horiek Goiok oroitarazten zuenez, ahalegin, burugogorkeri eta entrenamendu saioei esker heldu dira.
Usurbil munduratzeko konpromisoa
Merezitako omenaldiaren amaieran protagonistak berak hartu zuen hitza. Eskerrak eman zizkien omenaldiko antolatzaileei, senide, lagun eta herritarrei. "Plazer handia da hemen egotea", zioen. Orain arte bezala aurrerantzean ere bera jarraitzeko deia egin eta udalerri honen izena, doan lekura eramango duela adierazi zuen.