Manifestazioa otsailaren 19an, GuraSOSek deituta

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 30a, 03:53

EAEko Auzitegi Nagusiak GuraSOSek aurkeztutako helegitea alboratu duela jakin da astelehen goiz honetan. Berehala, premiazko eta urgentziazko agerraldia deitu du GuraSOSek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen atarian. Gogorarazi dutenez, "hondakinen kudeaketan azken hitza ez dute izango auzitegiek. Gizartea izango da erabakiko duena". Horregatik manifestazioa deitu du otsailaren 19rako (igandea) eguerdiko 12:00etan. Donostiako Artzai Onaren paretik abiatuko den mobilizazioa, "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez. Akordioa konponbidea" aldarripean bideratuko da hiriburuan barrena eta Alderdi Ederren amaituko da. 

Orain arteko mobilizazio masiboena izatea nahi du. Irtenbideak, akordioan, legearen errespetuan eta parte hartze demokratikoan oinarritu behar duela uste duten herritar guztiak deitzen dituzte manifestatzera. Baita gatazka, inposizioa eta herritarrei hitza ukatzea hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa konpontzeko bidea ez dela uste dutenak ere. "Erabakitzeko unea da. Gatazka gehiago, zatiketa gehiago, inposizio gehiago edo Gipuzkoa gehiago, kohesio handiagoa eta gatazkarik ez. Gizartearen ordua da, kalera irteteko ordua eta erabakitzekoa", oroitarazi du guraso taldeak. "Asko dago jokoan, zuk erabaki", azpimarratu dute. 

EAEko Auzitegi Nagusiaren gaurko ebazpenarekin ez dela ezer amaitzen gogorarazi du guraso taldeak. Astelehen honetakoa ez "hurrengo ebazpenak dira, erraustegiaren lizitazioaz erabakiko dutenak", zehaztu dute. Gaur argitara eman den ebazpena, GuraSOSek parte hartze prozesua zabaltzeko uztailaren 5ean eginiko eskaeraren ingurukoa dela aditzera eman dute. Gaurko ebazpenak ez duela baloratzen erraustegia eraikitzeko kontratazioaren legaltasuna, ingurumen baimen bateratua edota Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren (GHHKPO) indarraldiaren luzapena. 

"Ez dute legedia beteko, erraustegiko lanak amaitu arte"

Ekimen juridiko berria iragarri dute gainera, azkena. Astearte honetan, errekurtsoa aurkeztuko du GuraSOSek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017rako foru aurrekontuen araudiko zortzigarren xedapen gehigarriaren aurka. Xedapen honek 2002-2016 urte artean izan dugun GHHKPO-ren indarraldia luzatzea ahalbidetzen du, bertan aurreikusiak dauden azpiegiturak egikaritu artean behintzat. GuraSOSetik gogorarazi dutenez, Aldundiak bazekien erraustegiaren lanen kontratazioa justifikazio legalik gabe geratuko zela, eta "bere indarraldia luzatzea erabaki dute, aurrekontuetako xedapen gehigarri baten bidez. Aurreikuspen hau, tramitaziorik eta legediak derrigortzen duen parte hartze prozesurik gabe egin da, aurreko plana ebaluatu gabe (Legediak derrigortzen duen arren), egungo hondakinen egoera aztertu gabe (2007az geroztik ez da aztertu)".

Hondakinen plan honek dagoeneko errebisatua behar zuen GuraSOSen esanetan. Baina aipatu xedapen gehigarri horren arabera, beste hiru urte gutxienez igaro daitezke errebisio hau gauzatu arte. "Argiago ezin dute hitz egin. Ez dute legedia beteko erraustegiko lanak amaitu arte", diote guraso taldetik. Ordura arte, GuraSOSetik adierazi dutenez, herritarroi ez digute aitortuko hondakinen kudeaketaren gaian parte hartzeko dugun eskubidea. "Ez dugu uste auzitegiek herritarrei aitortutako eskubideak gutxiestea onartuko dutenik. Lanak ez dira hasiko, horretaz ziur gara". Eta ez dute uste ezta "foru agintariak gaurko ebazpenarekin eta ebazteke dauden gainerako ekimen juridikoei itxaron gabe, aurrerantz jarraituko dutenik. Horrela egingo balute, errusiar erruletara jokatuko lukete altxor publikoarekin eta hori inork ez luke ulertuko". 

GuraSOSek mahai gainean gai honen konponbiderako aurkeztua duen bide-orriaren alde egin du beste behin. Legediak derrigortu bezala, egungo egoera legeztatzea eskatzen dute, herritarrei parte hartzeko aukera eskaintzea, eztabaida tekniko eta soziala sustatzea, Europako aholkuak betearaztea eta irtenbide adostu bat ematea hondakinen kudeaketaren arazoari.