Errausketaren aurkako manifestazioa larunbatean Hondarribian

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 30a, 12:42

Mobilizazioa Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta 12 urtez Txingudin eraiki nahi zuten erraustegiaren aurka borrokatu ziren herritarrek deitu dute, Txingudi Bizirik plataformako kideek. Manifestazioa aipatu moduan, larunbat honetan bertan egingo da, otsailak 4, Hondarribian. Eguerdiko 12:30etan abiatuko da Butroe pasealekutik (Muela), "Errausketarik ez Txingudin ez Zubietan" aldarripean.

Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak. 11:30etan abiatuko da autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegi ataritik. Itzulera, manifestazioa bukatu eta berehala, 13:30-14:00 inguruan. Autobus zerbitzu honetan izena aurrez eman beharko da, Txiriboga eta Aitzaga tabernetan.

"Elkar lagundu behar dugu"

Manifestazio honen bidez, erraustegiaren aurka duten jarrera argi uztea dute helburu. Garai hartan Txingudiko erraustegia atzera bota zen bezala, gaur egun Zubietakoa atzera botatzeko presioa egin nahi dute Gipuzkoako agintarien aurrean. "Dei berezia egin nahi zaie urte hauetan guztietan erraustegiaren aurka herri desberdinetan borroka gogorra egin duten taldeei: Aritzeta, Landarbaso, Ereñotzu, Hernani, Urnieta, Zubieta, Usurbil, Lasarte, etab. Baita ere gonbita luzatzen zaie gaur egun zabortegien aurka ari diren goierriarrei: Ormaiztegi, Mutiloa, Gabiria. Borroka berdinean gaude eta elkar lagundu behar dugu", adierazi dute manifestazioko deitzaileek.

Irungo eta Hondarribiako udalei ere gaikako bilketan berehala pauso eraginkorrak ematea eskatuko zaie, "ulertzen oso zaila baita Txingudin pertsona bakoitzak urtean 300 kilo hondakin zabortegira bidaltzen dituen bitartean, Debagoienan 80 kilo eta Tolosaldean 100 kilo bideratzen dituztela. Garbi dago Gipuzkoako herri batzuetan hondakinen gaikako bilketa txukuna egiten ari direla, baina herri handienetako batzutan, Hondarribia eta Irun tartean, ezer gutxi egin dela oraingoz". Nahiz alternatibak badauden. "Badira eta mahai gainean daude errefusa tratatzeko modu osasungarriagoak eta merkeagoak", gogorarazten dute. Gipuzkoak hondakinak egoki kudeatuko balitu, "Gipuzkoan urtean sortzen diren 155.000 tona errefus, 50.000 tona bihurtuko dira. Hau tratatzeko 200.000 tona erretzeko gaitasuna duen eta 1.000 milioi baino gehiago kostako zaigun erraustegia eraikitzea burugabekeria da".

Larunbateko manifestazioko deitzaileek Europako legediak 2020rako agindua duena gogoraratzen dute. "Europako legeek agintzen digutenez, 2020an derrigorrezkoa izango da materia organikoa (gure hondakinen erdia) bereizita biltzea eta beharrezkoa da lehenbailehen gure herrietan gaikako bilketa hobetzea, Gipuzkoako herri askotan egiten ari direna eredu hartuz".