Olatz eta Patxi herriko presoen euskal herriratzea eskatuko dute gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 31a, 04:54

Bada nabarmentzeko gai bat Usurbilgo Udalak astearte honetarako deitua duen urtarrilari dagokion osoko ohiko bilkuran;  Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herriko euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du Usurbilgo EHBilduk, saioan zehar eztabaidatu eta bozkatua izan dadin. Osoko bilkurari arratsaldeko 18:00etan ekingo diote, Usurbilgo Udalako udalbatza aretoan.

Besarkadak eta animu mezuak, azken ostiraleko elkarretaratzean

Hilero moduan mobilizatu ziren hilaren 27an, nahiz pasa den ostiraleko deialdia ezohikoa izan. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Mikel Laboa plazan antolaturiko elkarretaratzean Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien senideak bizitzen ari diren egoera bidegabea salatu eta elkartasuna adierazi zien Usurbilgo herriak. Gogoan izan, Mari Karmen, Olatzen ama, Valentziara Xua biloba jaioberria ezagutzera joan eta gaizki sentitu ostean, han ospitaleratu zutela eta hala segitzen duela egun. Patxi Alacanteko espetxean da eta oraindik ez du alaba ezagutzeko aukerarik izan. Denak etxetik ehunka kilometrotara daude, oraindik orain estatu espainiar eta frantziarrak aplikatzen segitzen duten salbuespenezko espetxe politiken eraginez. "Ozen salatu nahi dugu, Madrilek eta Parisek daramaten mendekuzko espetxe politika. Presoak ez ezik, haien senideak zigortzea helburu duena. Bide batez, Olatz, Patxi eta beren senideei gure animo indartsuenak helaraziko dizkiegu, eta nola ez, gorabahera gogor hauen gainetik Xuari ongi etorria emango diogu", adierazi zuten elkarretaratzean zehar Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Aurreko ostiraleko mobilizazioan zehar, eskutitzak idazteko aukera izan zen, animu eta elkartasun mezuak helaraztekoa bai idatziz baita irudi bidez ere. Gazteak, helduak, preso ohiak, presoen senideak, gurasoak, haurrak, Usurbilgo herriak berak... Denek babes eta elkartasun mezua igorri nahi izan zieten, gugandik 600 kilometrotara diren Olatz, Patxi, Xua, Mari Karmen eta haien senide eta lagunei.

Eskutitz latz eta hunkigarria

Olatz eta Patxiren familiek egunotan bizi dutena ondo baino hobeto deskribatu du bestalde, Arantza Anzak, Olatz Lasagabasterren izebak egunotan GARA egunkarirako idatzitako gutunean.

Aipatu moduan, Olatz Lasagabasterren Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa aurkeztuko eta bozkatuko du udalbatzak, hurrengo astearterako deitua dagoen osoko bilkuran:

Osoko ohiko bilkura

Eguna: urtarrilak 31, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: udalbatza aretoa.

Gai zerrenda:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena:

* 2016/10/25eko bilkura.

* 2016/11/29ko bilkura.

* 2016/12/20ko bilkura.

2.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko abenduaren 5etik 2017ko urtarrilaren 20ra (2016/1173-2017/0063).

3.- A-107 Iarza eremuko 107.11 exekuzio unitatean kokatutako herri bidearen trazatu berriaren aldaketa gauzatu ahal izateko jaregitea eta trukaketa. Behin betiko onespena.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Jasangarritasunarekiko konpromisoa berritzeko akordioa: “Udalsarea 21, jasangarritasunerako udalerrien euskal sarea”.

5.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntuala. Behin behingo onespena.

6.-Olatz Lasagabasterren egoera salatzeko eta Euskal Herriratzea eskatzeko mozioa.

7.- Galdera-eskaerak.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.