Jasangarritasunaren aldeko udalerrien sarean segiko du Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 1a, 10:10

10 urte igaro dira Usurbilgo Udala, "Udalsarea 21", jasangarritasunerako udalerrien euskal sarean dagoenetik. Akordioa berritzea tokatzen zen orain. Inongo zalantza izpirik izan gabe, sare honetan jarraitzeko konpromiso irmoa du Udalak, astearteko osoko bilkuran argi geratu zen moduan. Aho bateko babesa eman zioten udal talde guztiek, akordio honetara atxikitzeko egin zuten bozketan.

Nazioartean erreferentzia bihurtzeko nahia

2016ko apirilaren 27an EAEko tokiko jasangarritasunerako konpromisoa berritzeko akordioa aurkeztu zen. Akordio horretara batu da orain Usurbilgo Udala. Xedea, jasangarritasunarekiko konpromisoa berritzeaz gain, udalen sare hau handitzea da, "kidetutako administrazioen jarduera-esparruari eta jarduera-kopuruari dagokionez".

2020ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den akordio berriak gogorarazten duenez, "sareak jardunean egindako hamalu urteetan, Tokiko Agenda 21 EAEko tokiko jasangarritasuneko politikak kudeatzeko tresna nagusi bihurtu da. Hori dela eta, iritsi da unea jauzi kualitatiboa eman, eta kide guztien inplikazioa eta konpromisoa areagotzeko, Udalsarea 21en bidez Euskadi jasangarritasuneko erreferentzia bihur dadin nazioartean. Halaber, aipatutako sarearen esparru arautzailean aldaketa jakin batzuk egiteko xedea du".

Zenbait klausula proposatzen dituzte. Bertan, euskal sektore publikoko erakundeen erantzukizunak zehazten dira. Baita Udalenak ere. Erantzukizunok izango ditu beraz besteak beste, Usurbilgo Udalak:

-Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareko kide izan eta kide izaten jarraitzea.

-Tokiko Agenda 21 ekimenak burutzen jarraitzea, udalen konpromiso politikoaren eta etengabeko hobetze nahiaren adibide gisa, bai eta udalerriko garapen jasangarria sustatzea ere, proiektu horren arduraduna eta ordezkoa izendatuz.

-Informazioa ematea eta esperientzia interesgarriak partekatzea Udalsarea 21en esparruan.

-Konpromiso honekin lotuta egiten diren komunikazioetan Udalsarea 21 aipatuko da erreferentzia gisa.