Jendaurrean egon den epean inork ez du erreklamaziorik edo oharrik egin eta honenbestez, automatikoki behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak 2017rako udal aurrekontuak, otsailaren lehen egun honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkiaren arabera.
Udal gobernu programari lotuak
Duela urtebete aurkeztu zuen udal gobernu taldeak, udal langile, eragile eta herritarrekin batera landutako legegintzaldi honetarako udal gobernu programa. Gobernu programa hartan bildutako ekarpen eta erronkei erantzungo diote neurri handi batean, 2017ko udal aurrekontuek. Aurrekontuon ardatz nagusien berri eman zuen udal gobernu taldeak, abenduaren 20ko ezohiko osoko bilkuran: herritarren eskubideen alde egingo dute, ongizatea sendotu, enplegu duina sustatu, enplegu publikoa defendatuko dute, murrizketa sozialen aurkakoak izango dira, pertsonak erdigunean jarriko ditu, berdintasun politiken aldekoak izango dira, hizkuntza normalizazioa txertatua izango dute...
Udal aurrekontuetako inbertsio nagusien artean, Etxebeste eta Irutasuna kaleen berrurbanizazioa, hilerri berriaren handitzea, Galtzaragaina plazaren berritzea, Oiardo Kiroldegiko aireztapena berritzea, Kale Irekiak egitasmorako laguntza, herri eragileentzako diru-laguntzak, Zumarteren birgaitze proiektuaren garapenean urratsak ematea… aurreikusten dute. Hasieraz eta gehiengo osoz onartu zituen udalbatzak 2017rako udal aurrekontuok, abenduaren 20an egin zuten ezohiko osoko bilkuran.
Zumarte eta Eskola Publikoa, oposizioaren eskaerak
Behin behinean onartu aurretik, ekarpenak biltzeko egon zen tartean, emendakinik ez zuten aurkeztu oposizioko udal taldeek, gobernu taldeak urteko azken osoko bilkuran adierazi zuenez. “Udal aurrekontuekin bat egiten duzuela ulertzen dugu, zuen aldeko bozka izango dugula”, zioten gobernu taldetik, oposizioko udal taldeei zuzenduz.
Bestelakorik erantzun zuten ordea oposiziotik. Haien eskaerak formalki erregistratu ez arren, ziotenez “gure desadostasunak ez dira kontuan hartu”. Zumarte Musika Eskolaren birgaitze proiektuaren kasuan esaterako. “Memorian bai agertzen da puntu hori, baina aurrekontuan jartzea eskatzen genuen”, zioen Josune Urkolak eta aurka bozkatuko zutela iragarri zuen.
Gai honi buruz udal taldeek egin dituzten batzordeak modu parte hartzailean bideratu dituztela gogorarazten zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak, “zuekin partekatu ditugu” zioen EAJ-ko kideei zuzenduz. Zalantzak argitu eta ekarpenak biltzeko egon den epearen baitan ez zutela ekarpenik egin zioen. Zumarteren proiektuari buruzko xehetasun batzuen aipamena salbu, eta hauek egokiago ikusi zutela memorian biltzea.
Zumarteren proiektuan funtsean bai EAJ bai EHBildu ados zirela adierazi zuen alkateak, desadostasuna irizpide teknikoetan kokatzen zuen. Bozketak horren isla izan beharko zukeela zioen Arregik. “Ze proposamen jaso beharko genuke EAJ-k aldeko bozka emateko?”, galdetzen zuen alkateak. EAJ-k ez zuen posizionamenduz aldatu; aurka bozkatu zuen. PSE abstenitu zen.
Fermin Oruek, baldintza bezala jarria zuen Eskola Publikoaren aldeko aurrerapausoak ematea. Zioenez, horregatik bozkatu zuen 2016ko udal aurrekontuen aurka. 2016an ordea, bide horretan zenbait pauso eman direla ikusita, eta aurten Eusko Jaurlaritzarekin hartuemanetan jartzeko asmoa dagoela ikusita, abstenitzea erabaki zuen PSE-ek. “Ia lortzen duen Usurbilek Eskola Publikoa izatea”, zioen PSE-ko bozeramaileak. Honenbestez, EHBilduren aldeko bozkekin gehiengo osoz hasieraz onartu ziren 2017rako udal aurrekontuak.
Udal aurrekontuen ibilbidea
2016/11/09: aurrekontu proposamenaren aurkezpena Ogasun Batzordean.
2016/11/24: zuzenketen aurkezpena Ogasun Batzordean.
2016/12/14: Udalbatzarrerako irizpena ematea Ogasun Batzordean.
2016/12/20: udalbatzarraren hasierako onarpena, ezohiko osoko bilkuran.
2016/12/28: udalbatzarrak hartutako erabakiaren argitalpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
2016/12/29: egun honetatik aurrera zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko 15 lan eguneko epea.
2017/02/01: udal aurrekontuak behin betiko onartuak.
2017ko udal aurrekontuak zenbakitan
Guztira: 11.057.464 euro.
Sarrerak:
-Sarrera arruntak: 10.581.137 euro.
-Kapital sarrerak: 476.327 euro.
Gastuak:
-Gastu arruntak: 9.417.559 euro.
-Kapital gastuak: 1.639.905 euro (inbertsio errealak=1.220.837 euro).