Erraustegiaren lizitazioa dekretu bidez sinatu eta 24 ordura Info7 irratian egin dioten elkarrizketan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ezin izan du bermatu erraustegiak gipuzkoarron osasunerako arriskurik ekarriko ez duenik. Irrati kate honetako kazetariak erraustegiak gipuzkoarron osasunean izan dezakeen eraginak ez ote dion kezkatzen galdetu dio foru diputatuari. "Zuri zer iruditzen zaizu?", erantzun dio Asensiok.
Eztabaidaezina da elkarrizketatuarentzat, herritarren osasunak gehien botere publikoei arduratzen diela. "Baina gai honetan ezin da gezurrik esan", adierazi du. Hondakinak tratatzeko eredu hau Europako herrialde aurreratuenetan baliatzen dutela defendatu du. Zubietako plantan punta-puntako teknologia erabiliko dutela, eraiki asmo duten erraustegiak aireratuko dituen emisioak kontrolpean izango dituztela.
Eusko Jaurlaritzak 2010ean aurreko errauste planta proiekturako emandako ingurumen baimen bateratu hark (gaia auzitegietan da, GuraSOSek edota hainbat Udalek, Usurbilgoak tartean, aurkezturiko errekurtsoengatik) emisiook mugatuko dituela iragarri du. Egingo dituzten kontrolak etenik gabekoak izango omen dira eta unean bertan ezagutuko omen dira emaitzak. Asensioren esanetan, zabortegietan ez bezala, erraustegiak aireratuko duen guztia hobeto kontrolatua egongo da. Askoz hobeto bermatuko du "herritarren osasunean eragin dezaketen emisioak kontrolpean izatea". Aipaturikoa, bere esanetan hobeto kontrolatu bai, baina erraustegiak airera isuriko duena guztiz kontrolatu ahalko dutenik ezin izan du ziurtatu.
Halere, "tratamendu plantetan seguruenak hauek dira" zioen Asensiok. Ez dute gipuzkoarren osasunearako alternatiba hoberik ezagutzen. Bere esanetan, hondakinak kudeaketaren zikloa ixteko bi alternatiba baino ez baitaude; zabortegiak edo erraustegiak. Gipuzkoarrak lasaitu nahian adierazi duenez, "Aldundiak herritarren osasunaren alde egingo du".
30 hilabeteko tartean martxan
Legedia errespetatuz eta gauzak ondo egiten ari diren ziurtasuna agertu du Asensiok, Info7 irratian. Gipuzkoak konpondu beharreko arazo larria du; "erreusa tratatzeko plantarik ez dugu". Eta arazo hau berehala konpondu behar dela zioen, "gai hau konpondua ez egotea, osasun publikoko eta interes orokorreko arazoa da". Guztia aurreikusi bezala badoa, 30 hilabeteko tartean Zubietako erraustegia funtzionamenduan egongo dela iragarri du.
Diru kontuei dagokienez, erraustegiak egungo zerbitzuak eragiten duen kostua merketuko duela ziurtatu du. Eta Udalek ordaindu beharko dutenari buruz esan du, erraustegira hondakin gehien garraitzen duenak gehiago ordaindu beharko duela. Beste kontu bat da, proiektuak oro har gipuzkoarrak zer mailatan zorpetuko dituen. Usurbilek esaterako ia 9 milioi euro ordaindu beharko lituzke hurrengo 35 urteetan.
Elkarrizketarako tarterik ez
Azken asteotan, ez aurrera ez atzera, auzitegietan katramilatua egon da, eta hala segitzen du gai honek. Oraindik GuraSOS edota hainbat udalen (tartean Usurbilgoaren) hainbat errekurtso ebazteke dituzte auzitegiek. Baina kasu handiegirik egiteko asmorik ez du agertu ingurumen diputatuak, oraingoz kaleratu diren epaietan epaitegiek arrazoi eman dietela argudiatuz. Auzitegietatik jo nahi dutenei, foru arauak betetzeko daudela gogorarazi die. Gipuzkoarrak ordezkatzen dituen Batzar Nagusien gehiengoak erabakitakoa errespetatu beharra dagoela. Hauteskunde kanpainan eta programan iragarritakoa baino betetzen ez direla ari ere nabarmendu du.
Esku artean dugun arazoak kostu ekonomiko eta atzerapen gehiegi egon dela adierazi du eta badela gai honi betiko irtenbide egonkor, iraunkor eta ziurra emateko garaia. Egun hondakinak Kantabriara garraiatzea ingurumen eta ekonomia desastretzat jo du. Egungo egoera aurreko legegintzaldiko kudeatzaileei egotzi die.
Testuinguru honetan, hainbatetan milaka gipuzkoarrek eskaturiko elkarrizketarako tarterik ez du ikusten Asensiok. Bere unean elkarrizketa asko egon zela adierazi du. Baina aurreko legegintzaldiko kudeatzaileek Batzar Nagusiak esandakoari kasurik egin ez eta orain, desastretzat jo duten egoera honetan erabakiak inposatu nahi izan zituztenak direla elkarrizketa eske datozenak.
Elkarrizketa osoa (gaztelaniaz) esteka honetan duzue entzungai: Info7 irratia