Erraustegia, legealdi bukaerarako eraikia eta frogetan izan nahi du Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2017ko otsailaren 2a

Hala adierazi berri du Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak, Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan. 2019ko udal eta foru hauteskunde kanpaina ingururako Zubietako planta eraikia eta probetan, "behin betiko martxan jartzeko bidean" egotea aurreikusten du.

Aste hasieran EAEko Auzitegi Nagusiak kaleraturiko epaiak (GuraSOSek parte hartze prozesua zabaltzeko eginiko eskaera alboratu zuen epaitegi honek), doktrina bat ezartzen duela nabarmendu du. "Bidea markatzen, argitzen digu", zioen Olanok Euskal Telebistan. Bilboko auzitegiak erabaki hau hartzeko argumentazioa nabarmendu du. Batetik, legitimotasun demokratikoa dutela aitortzen diela epaitegiak. Gogorarazi du, 2002an Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorra (GHHPO) onartu zenetik, plana bera eta planak aurreikusten zituen azpiegiturek Batzar Nagusien gehiengoaren babesa izan dutelako urte guztiotan. Bestalde, epaileak hain aurreratua dagoen prozesuan interes orokorra defendatu duela azpimarratu du Olanok.

"Manipulazio eta hipokresia puntu handi bat"

Gogorarazi du abenduaren 27an onartu zutela erraustegiko lanen esleipena eta sinadura baino ez zela falta. Helegiteek itxarotea eskatzen zietela adierazi du Ahaldun Nagusiak eta hala egin dutela. Asteartean sinatu zuen esleipena Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak, oraindik orain, GuraSOSen eta hainbat udalen errekurtsoak ebazteke baldin badaude ere. 

Esleipen honen kontura negozioa egin nahi izatearen harira adierazi du Olanok, halako esleipenak eremu guztietan egiten direla. Erraustegiko lizitazioa, hezkuntzan administrazioak ikastolekin egiten duen esleipenekin alderatu du. Gai hau "komodin bezala erabiltzen da, baina oinarri oso ahula du", zioen Ahaldun Nagusiak. 

Erraustegiak ingurumenean izan dezakeen eraginaz galdetuta, Zubietan eraiki asmo duten planta defendatu du Olanok, esanez, Europako herrialde aurreratuenetan baliatzen duten eredua dakartela Gipuzkoara. Eredu hori "hartu eta hobetu egin dugu guk", gaineratu du. Bere esanetan modernoak eta ongi kudeatuak dauden planta dira hauek. Zubietakoa hobea izango omen da, berme gehiago izango baititu. Kutsadura foku handiagoak ba omen ditugu gainera. Laburbilduz, gai honetan, "manipulazio eta hipokresia puntu handi bat" dagoela nabarmendu du.