"Mendizorrotzeko hezeguneetan den igeltxoaren etorkizuna beltza da"

Noaua Aldizkaria 2017ko otsailaren 2a

Gaur Hezeguneen Mundu Eguna da. Aitzakia honekin, Doostiako Cristina Enea Fundazioak ekosistema horiek hobeto ezagutzeko txangoa antolatu zuen aurreko asteburuan. Mendizorrotzeko hezeguneetara joan ziren. Hezeguneen garrantziaz eta bertan bizi diren izaki bizidunen inguruan gehiago jakiteko, Cristina Eneako web orrian Ion Garin eta Xabi Rubio Aranzadi Zientzia Elkarteko zein Haritzalde Naturzaleen Elkarteko herpetologoak elkarrizketatu dituzte. 

Otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna da. Zer ospatzen da egun horretan? 

1971 urtean Irango Ramsar hirian, batik bat hegazti urtarrentzat garrantzitsuak ziren hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmena sinatu zen. Egun, zerrendak 1.900 hezegunetik gora babesten ditu, ia 2.000.000 km2 estaliz. Urte hartako otsailaren 2an sinatu zen hitzarmena. Hezeguneetan bizi diren espezietatik mehatxatuenetakoa anfibioena da.

 

Zein da orokorrean, eta bereziki Euskal Herrian, anfibioen egopera? Ze mehatxu dituzte?

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak berriki argitara eman dituen ikerketa datuen arabera, mundu mailan ezagutzen diren anfibio espezieen heren bat mehatxu egoeran dago. EAEan eta Nafarroan indarrean dauden espezie mehatxatuen zerrenden arabera, egoera are larriagoa da Euskal Herrian, izan ere anfibio espezieen erdia mehatxuan dago, eta Europako babes irudiak aintzat hartuz gero, portzentaia % 66ra iristen da. Gainbehera prozesu honen atzean hainbat eragile desberdin daude, baina guztien artean garrantzia gehien duena habitat galera da, izan ere azken mendeetan hezeguneak lehortzeko ohitura oso txertatua egon baita gizartean.

 

Mendizorrotzen, Igeldoko igeltxoa da protagonista. Zer neurri hartu dira anfibio hau babesteko eta zein izan da bere egoeraren bilakaera?

Hegoaldeko zuhaitz-igelak banaketa area oso mugatua erakusten du. Mendizorrotz mendigunean zehar hainbat putzu sortu ziren espeziearen banaketa-area zabaldu eta bere egoerak hobera egin zezan. Horietariko hiru bisitatuko ditugu, mendiaren iparraldean daudenak. Horien egoera espezie honi dagokionez eskasa da oso eta kudeaketan aldaketarik ez bada, etorkizuna zonaldean izan diren suteek utzitako arrastoa bezain beltza da.

Mendizorrotzeko hezeguneak bisitatzen

Argazkiak aurreko larunbatekoak dira. Cristina Eneak antolatu zuen irteeran, Xabi Rubio hepatologoak hartu zuten parte.

Argazkiak: Cristina Enea.