GuraSOS: "Kostako da, baina lortuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 2a, 13:01

"Kostako da, baina lortuko dugu", mezua argi eta ozen helarazi nahi izan du GuraSOS elkarteak, hondakinen kudeaketaren gaiarekin lotuta azken egunotan izan diren gertakarien harira, ostegun goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. Auzitegiek ez, gizarteak du hitza eta erabakia gogorarazi nahi izan dutenez, eta ildo horretatik, otsailaren 19rako deitua duten manifestazioan, Donostiako kaleak goraino betetzera deitu gaituzte. "Otsailaren 19an zuk erabakiko duzu, zatoz!", luzatu diete gonbita gipuzkoarrei. 

Argi utzi nahi izan dute beste behin, auzitegiak ez, "herritarrak izango dira gai honetan erabakiko dutenak: horrek ez du atzera bueltarik. Eta hori datorren otsailaren 19an ikusiko dugu. Donostiako kaleak bete egingo dira adostasuna edo liskarra, batuketa edo banaketa, guztiok irabazi edo guztiok galtzearen artean zein aukeratzen dugun ikusteko. Bertan ikusiko dugu lau urtean behin kutxa batean sartzen dugun boto-paper huts bat garen edota Gipuzkoako etorkizunean parte-hartzeko eskubideak dugun herritarrak garen", zioten GuraSOSeko ordezkariek Donostiako agerraldian.

"Ez da ezer bukatu"

"Gure ahotsa entzunarazteko" aukera emango digun manifestazio isila izango da hilaren 19koa, azpimarratu dutenez, ez erraustegiaren ezta Foru Aldundiaren aurkakoa, hondakinen kudeaketaren gaiarentzat irtenbide adostua proposatzen duen GuraSOSen bide-orria babestearen aldekoa baizik. "Bide horretatik urruntzea akats bat litzateke. Norbaitek banaketa eta liskarra betikotu nahi baditu, ez du lortuko. Ez dugu nahi bide horretan jarraitu", adierazi du guraso taldeak. Adostunaren alde egon arren, herritarron eskubideak kalean eta auzitegietan irmotasunez defendatzen segiko dutela iragarri dute. "Oso argi izanik azken helburua lortzeko direla: adostutako akordio bat hondakinen kudeaketaren gaiaren inguruan", zioten. 

Herritarrak nahastuta, haserre eta minduta egotea ulergarria zaiela adierazi dute. "Normala da, izan ere, asteartekoa herritarrenganako mespretxua eta botere erakustaldia izan da, erakundeak gotorleku eta herritarrengandik urrun bezala ulertutako pentsamendutik egindakoa", adierazi dute. Baina lasaitasunerako eta pazientzia izateko deia egin dute. "Ez da ezer bukatu" gogorarazi dute. Frustrazioan erori ez eta gizarteak duen indarrarekiko konfiantza izatea eskatu dute. Egoera honen aurrean erronka argia dela esan dute. "Harresi hori harriz harri deseraiki dezagun eta eraiki dezagun guztion artean etxe komun bat", deitu dute.

Aldundia, auzitegiek adierazi beharrekoa aurreratzen

Kezka agertu dute Foru Aldundiko agintariek egiten ari diren botere erakustaldiaz, boteer judizialarekiko erakusten ari diren errepetu faltagatik. "Auzitegien eta Legearen gainetik beren burua jarriz. Epaiak ere zeintzuk izango diren aurreratzen dituzte", salatu dute. Gogorarazten dute, "Auzitegiek boterearen praktika fiskalizatu, herriatrren eskubideak babestu eta jokoaren arauak beterarazteko funtzioa dute. Funtzio horrek premisa bezala behar du bere independentzia errespetatzea". 

Manifestazioa

Eguna: otsailak 19, igandea.

Ordua: 12:00.

Ibilbidea: Donostiako Artzai Onaren Katedrala, San Martin kalea, Foru pasealekua, "Republica argentina" kalea, Bulebarra. 

Amaieran: "guztiok eskuak elkarri eman eta gora igoko ditugu, gizarte batasuna adierazteko asmoz".

Aldarria: "Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna, besterik ez!".

Antolatzailea: GuraSOS.