Gipuzkoa Zutik, erraustegiaren inguruko eztabaida udaletara zabaltzeko lanean

Noaua Aldizkaria 2017ko ots. 2a, 12:40

Urte amaieran Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak etxez etxe, erraustegiak gipuzkoarrontzat ekarriko duen kostu ekonomikoen gaineko informazioa biltzen zituen eskuorriak banatu zituen. Bertan besteak beste, udalerri bakoitzak hurrengo 35 urteetan ordaindu beharko lukeen dirutza zehazten zuten. Eskuorriotan irakurritakoagatik kezkatuta, herritar talde batek gai honen inguruko zenbait galdera jasotzen dituen dokumentu bat prestatu eta udaletxeetan erregistratzen hasi ziren.

Gipuzkoa Zutik mugimenduak bere egin du orain ekimen hau. "Erraustegia inposatu nahi diguten honetan, lanean jarraitu beste biderik ez dugu. Horregatik, eta borroka hau ez dutela epaitegiek geratuko sinetsita, Donostialdeako herritar talde batek hasitako ekimena gure egitea erabaki dugu", iragarri dute sare sozialen bidez.

Helburua, Gipuzkoako udaletxe guztietan aipatu dokumentu hau erregistratzea litzateke. "Gipuzkoako Udal guztietan erregistratu nahi ditu erraustegiaren proiektuaren inguruko galdera batzuk (lizitazioa, kostu ekonomikoa,…) gai honen inguruko herritarren arteko eztabaida bultzatzeko eta zabaltzeko asmoz. Galderak oso gardenak dira, baina herri askotan ez dutenez eztabaidatu ere egin, deseroso bilaka daitezke. Gipuzkoa Zutiketik lagundu egin nahi dugu helburu hori lortzen. Egingo dugu denon artean? %1ari mozorroa kendu behar diogu!", adierazi dute.

Egin beharrekoa, urratsez urrats

Dokumentu hau dagoeneko 24 udaletxeetan aurkeztu dute (tartean Usurbilgoan), baina Gipuzkoako gainerako udalerrietan errejistratzeko jende bila dabiltza. "Lagunduko diguzu mesedez? Oso erraza da eta Gipuzkoa osoko herri guztietan sartzea lortu behar dugu!", adierazi dute. Honatx pausoz pauso egitea proposatzen dutena:

1-Dokumentua inprimatu eta datuak bete. Hemen dago dokumentua deskargatzeko:

https://drive.google.com/…/0BzP0WzgfvCkMSm9EMHo1cUN0Q3c/view

2-Udal erregistroan sartu dokumentua eta kopia bat eskatu zuretzat.

3-Gipuzkoa Zutiki komunikatu (FB, emaila) eta zerrenda berrituko dugu.

4-Saiatu alkatearen erantzuna jasotzen eta hori ere Gipuzkoa Zutiki komunikatu.

Non aurkeztu duten

Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Beizama, Bergara, Donostia, Ermua, Errenteria, Eskoriatza, Hernani, Irura, Larraul, Legazpi, Oñati, Orio, Soraluze, Usurbil, Villabona-Amasa, Zaldibia, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Zumarraga.

Udalerriotan idatzia aurkezteko jende bila

Abaltzisketa, Aduna, Aia, Aizarnazabal, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzaga, Altzo, Amezketa, Anoeta, Antzuola, Arama, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azpeitia, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Deba, Eibar, Elduain, Elgeta, Elgoibar, Errezil, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Getaria, Hernialde, Hondarribia, Ibarra, Idiazabal, Ikaztegieta, Irun, Itsasondo, Lasarte-Oria, Lazkao, Leaburu, Legorreta, Leintz-Gatzaga, Lezo, Lizartza, Mendaro, Mutiloa, Mutriku, Oiartzun, Olaberria, Ordizia, Orendain, Orexa, Ormaiztegi, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zegama, Zerain eta Zizurkil.

Gipuzkoa Zutik, sare sozialetan

Facebook: Gipuzkoa Zutik

Twitter: @GipuzkoaZutik

DOKUMENTUA HITZEZ HITZ

"Iritsi zait eskuetara informazio oso kezkagarri bat Errausketaren Aurkako Mugimenduak zabaldua Zubietan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK hondakinen kontsortzioak Donostiako Udalaren baimenarekin eraiki nahi duten erraustegiaren ondorio ekonomikoez.

Honela dio informazioak:

“Erraustegia = ruina: Gipuzkoako udalak zorpetuta 2051 arte

Zubietako Erraustegia egiteagatik, GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek abenduaren 27an kontratista pribatuen esku utziko dituzte Gipuzkoako hondakin guztiak 2051 arte.

Agintariek aitortu dutenez, 35 urtez 1.500 milioi euro pagatuko dituzte gipuzkoarrek beren zaborrak erretzeagatik. Eta hori, kontuan hartuta orain obra guztien 1. fasea kontratatuko dela, ondoren etorriko dira gehiago. Hemen aurkezten dugu herri bakoitzak ordainduko lukeena... azkenean kostea 1.000 milioi eurotan geratuko balitz. Kostea 1.500 milioitaraino joanez gero, bider 1,5 egin beharko da.

Kontratuak honela blindatzen ditu Errausketaren konpainiak eta lotzen gaitu gipuzkoarrok:

- Udalek ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.

– Udalentzat zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio gastu sozial edo beste

– Udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko dio bere diru-iturrietatik.

– Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.

– Kontratua firmatutakoan, udalen batek GHKtik irten nahi badu, pagatu beharko dio 2051 arte erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindakoak.

- Gipuzkoako udal guztiek urtero ordaindu beharreko kuota ia-ia “eskotean” izango da, %85 biztanleen arabera,%15 bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera:hondakin gutxien sortzen dutenek proportzioan askoz garestiago pagatuko dute”.

Aipatu idatzian zehazten da udal bakoitzak datozen 35 urteetarako (2051 urtea arte) bere gain hartuko duen zorra, nire ustez eta ziurrenik herritar gehienen ustez, guztiz zor ez-legitimoa izango dena, hondakinak hobeto, garbiago, osasuntsuago eta merkeago kudeatzeko alternatibak Gipuzkoan badaudela demostratuta dagoelako.

Horregatik, jakinik hondakinen kudeaketa Udal honi dagokion eskumena dela, Udal hau GHKren erabakietan partaide dela Mankomunitate baten bidez, Udalak bere borondatez hartzen duela parte Mankomunitatean eta honi borondatez dauzkala utziak aipatu hondakinen kudeaketaren eskumenak, horren guztiaren aurrean, hona nire galderak:

1-  Zu buru zaren Udal horrek ekitaldi publikoan kontratu hori onartu edo errefusatzeko erabakirik hartu al du?

2-  2051 urte arteko kontratu hori eta herritarrontzako bezala udalarentzako dauzkan ondorio larriak onartzeko edo errefusatzeko eztabaidarik eta erabakirik egon bada, gai larri honen inguruan zein iritzi azaldu dute Udalean dauden alderdi eta ordezkari politikoek, eta zein agiritan daude argitaratuta?

3-  Udalak ohartarazi al ditu herritarrak prentsa edo bestelako hedabidez 2051 arte lotuko dituen kontratu horren ondorio eta xehetasunez?

4- Udalean aztertu duzue hondakinen kudeaketa berriro ere udalaren eskura pasatzeko aukera? Aztertu duzue zein eragin eta ondorio izango lituzkeen hondakinen kudeaketa udalaren eskumenera itzultzeko aukerak?

Zure arreta eskertuz, erantzunaren zain geratzen naiz".