Esperientzia potentea bezain positiboa. "Aldapan gora" abestia izaten ari den oihartzunarekin "sustoa gainetik kendu ezinda" daudela adierazi dio NOAUA!ri, Huntza taldeko kide Aitor Huizik. Youtuben zintzilikatua duten bideoklipa dagoeneko 856.000 baino gehiagotan ikusi da hilabete gutxi batzuen buruan. Talde kideen artean usurbildarrik ez den arren, haien estreinako lanak udalerri honekin lotura estua du. Haritz Harreguyrekin Urdaiagako Higain estudioan grabatu baitzuten iazko uda amaieran. Grabazioari buruz, bizitzen ari den uneaz galdetu diogu Huntza taldeko kideari. Bere erantzunak jada sarean zintzilikatu dugun otsailaren 3ko astekari honetan irakur ditzakezue.
"Bizi Kalea" musikatua
Gogoan izan, Huntzaren kontzertuaz larunbat gauean gozatu ahalko dugula, Hurbilago Elkartearen hileroko "Bizi Kalea" ekimenaren baitan. Sarrerak aurrez eskura ditzakezue hainbat tabernetan. Huntzakoekin batera ariko dira herriko bi talde; The Hastelen´s eta Zaparra. Honez gain, jan edana egongo da. Txotx garaian gaudenez, sagardotegiko pintxoak zerbitzatuko dizkigute tabernariek. Honatx prestatu duten egitaraua:
Otsailak 4, larunbata
19:00-21:00 Bizi Kalea. Sagardotegiko pintxoak 2 eurotan (bakailu tortila, txorizoa eta saiheskia), edaria euro batean.
21:00-21:30 Hurbilago Elkarteko saltokietan xahutzeko 150 euroko erosketa balearen eta tabernarien oparien zozketa.
Arratsaldean zehar, borladun animaliak lantzeko tailerra antolatuko du Txirinbolo dendak eta dron bat erabiltzeko aukera eskainiko du baita, eguraldi ona bada.
Kontzertuak
20:00 The Hastelehen´s.
22:30 Huntza. Sarreren salmenta: aurrez 5 eurotan salgai Usurbilgo tabernetan, Hernaniko Garinen, Lasarte-Oriako Ilargin, Orioko Kolon Txikin eta Zarauzko Arranon. Egunean bertan 6 eurotan salgai.
00:00 Zaparra.
Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.
Babesleak: Usurbilgo Udala eta Eusko Jaurlaritza.