Haurrentzako 1. Xake Txapelketa
Urtarrilaren 29an abiatzekoa zen txapelketari segida emango zaio datozen bi igandeotan, otsailaren 5 eta 12an, 12 urtetik beherako haurrei zuzenduriko 1. Xake Txapelketa jokatuko da Usurbilgo Gaztetxean 16:00-19:00 artean, "non xake txapelketa jolastuko den aretoaz gain, tokia badago umeek saskibaloian edota beste edozertan jolas dezaten, jakina baita garuna astintzeaz gain, gorputza ere astindu behar dela". Hotz handia egingo balu, Udarregi Ikastolako jangelan ospatuko da gaztetxekoek prestatu duten ekimena.
"Txapelketan 20 minutu izango ditu haur bakoitzak bere partida jolasteko, eta 2 edo 3 partida jolastuko dira igandero, parte hartzaile kopuruaren arabera. Bertan antolatzen den lehen txapelketa izango denez, komenigarria da aldez aurretik abixatzea xake txapelketen arauetaz. Isiltasun osoa guztiz beharrezkoa da jolasteko, eta oso zorrotzak dira jokabide zakarrekin", ohartarazi dute.
Ekimenean parte hartzeko xake klaseetara joatea ez da ezinbestekoa izango, aldiz "guztiz beharrezkoa xakearen arauak ondo ezagutzea, sorpresa desatseginak ekidite aldera". Izen emateko eta informazio gehiago jasotzeko bideok daude:
658 997 828 (Erik)
“Iratxoen erregea”, haurrentzako zinea
Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearen laguntzaz negu parterako antolaturiko euskarazko zine zikloaren baitako proiekzioa izango da igandean, otsailak 5, arratsaldeko 17:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Sarrerak egunean bertan izango dira salgai, 3 eurotan. "Jaio zirenetik, Kyle eta Evie Prestonek beraien amonaren istorioak entzuten zituzten, nola erraldoi borrokalariek munduko azken iratxoak harrapatu eta lurperatu zituzten duela milaka urte. Amona hiltzean, ezezagunak zitzaizkien urre meazulo bat eta familiako etxe bat jaso zuten oinordetzan", hala abiatuko da "Iratxoen erregea" filmeko istorioa.