Mobilizazioa Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta Txingudi Bizirik plataformako kideek antolatu dute otsailaren 4an Hondarribian. 12:30etan abiatuko da Butroe pasealekutik (Muela), “Errausketarik ez Txingudin ez Zubietan” aldarripean.
Bertara joateko, autobusa antolatu da Usurbilen
Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak, 11:30etan Oiardo Kiroldegi ataritik. Itzulera, manifestazioa bukatu eta berehala, 13:30-14:00 inguruan. Autobus zerbitzu honetan izena aurrez eman beharko da, Txiriboga eta Aitzaga tabernetan.
“Elkar lagundu behar dugu”
Manifestazio honen bidez, Txingudiko erraustegia atzera bota zen bezala, Zubietakoa ere atzera botatzeko presioa egin nahi dute Gipuzkoako agintarien aurrean. Horregatik erraustegiaren nahiz zabortegien aurka borrokatu diren gipuzkoarrei bertaratzera deitzen diete. “Borroka berdinean gaude eta elkar lagundu behar dugu”, diote deitzaileek. Irungo eta Hondarribiako udalei ere gaikako bilketan berehala pauso eraginkorrak ematea eskatuko zaie.